Bertso Asteko ekimen nagusia izango da eta helburu hauek izango ditu: Imanol Lizardi zenaren oroitza bizirik mantentzea, bertsozaletasuna sustatzea udalerrian nahiz eskualdean, bertsolari gazteei plaza batean aritzeko aukera ematea, herriko gazteei euskaraz gozatzeko aukera ematea eta bertso eskoletako parte hartzea bultzatzea.
Mirentxun ariko dira Hego Euskal Herriko lau lurraldeetatik etorritako sei bertsolari gazte, 18:00etatik aurrera: Maddi Lasa eta Aratz Arzelus gipuzkoarrak, Iraide Onaindia eta Hegoi Amabizka arabarrak, Kelmene Abaitua bizkaitarra eta Kattalin Lizarraga nafarra. "Azpimarratu nahi dut balore ugari kontuan izan ditugula parte hartzaileen zerrenda osatzerakoan, esate baterako, generoa eta lurraldetasuna", adierazi du Illarramendik.
Sariketak bi fase izango ditu. Lehenengoan seirek parte hartuko dute eta ariketa desberdin batzuk egin beharko dituzte. Bi onenak buruz burukora sailkatuko dira eta aurrez aurre ariko dira koplaka, 400 euroko saria eta zapia nork irabaziko. Finalistak 200 euroko ordainsaria izango du eta partaide guztiek oroigarri bana jasoko dute. Gai jartzaile lanak Aizpea Garmendiak egingo ditu.