Bertso solasaldiak irekiko du aste berezi hori, hilaren 26an. Eskarmentu handikoak diren eta plaza askotan arituak diren Ane Labaka herritarrak eta Beñat Gaztelumendik bertsolaritzaren atalen (neurria, errimak, doinuak, egitura, gorputzaren espresioa, eta abar) gaineko aholkuak emango dizkiete modalitate horretan hasiberriak direnei. Illarramendik zehaztu du saio horretan solasaldia eta bertsoak tartekatuko dituztela eta umore ukitua emango diola aurkezleak, Mailu Arrutik. Osasun zentroaren ondoko eraikinean egingo dute ekimen hori, 18:00etatik aurrera. Earra! bertso eskolan ikasten ari direnen parte hartzea landuko dute bereziki, baina bertan ari ez den edonor ere bertara daiteke, jarduera irekia eta doakoa izango baita.