Memoriak gordetakoak urpetik ateratzeko ariketa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko azaroaren 9a

Ane Labaka Mayoz eta Raquel Samitier Castillon, 'Murmur' album ilustratua aurkezten. Argazkia: Erein argitaletxea.

"Esaten ez direnek esaten direnek beste garrantzia dute narrazio honetan. Albiste izan zen gertaera eta egoera gogor bat abiapuntu hartuta, Ane Labaka Mayoz sakon murgildu da narrazioan eta gai asko azaleratu ditu, besteak beste emakumea zein ezkutatuan geratzen den ia beti edonon eta edozertan, sarritan partaide aktibo izan arren". Hori da Erein argitaletxeko kideek Murmur helduentzako album ilustratuari buruz egin duten sinopsia. Idazle lasarteoriatarrak argitaratu berri du lan hori, Raquel Samitier Castillon ilustratzailearekin elkarlanean. Donostian aurkeztu dute. "Memoria ariketa sentitu bat" dela nabarmendu dute, ama baten isiltasunaz eta alaba baten esanezinez osatua. Itoizko urtegia eraikitzearen aurkako borroka konkretutik abiatuta gai gehiagori buruz idatzi du herritarrak, narrazioa eta poesia nahastuta.

Aurkezpen ekitaldian egileek azpimarratu zuten "maitasun handiz" ondu dutela Murmur. Testua eta irudiaren arteko elkarrizketa osatu dute eta karaktere kopuruari begira "nahiko laburra" izan arren, sakontasuna baduela, hitzei eta ilustrazioei "geruza ugari" jarri baitizkiete biek ala biek. "Marmarra, murmurioa, xuxurla" esan nahi du izenburuak eta narrazioan zehar uraren soinuari erreferentzia egiten dio. Horri lotuta, herritarrak "lur azpiko erreka batekin" parekatu zuen bere sortzeko modua.

Aipatu lan hori XVIII. Peru Abarka lehiaketara aurkeztu zuen Labakak eta narrazio onenaren saria irabazi zuen. Ilustratzaile irabazlea, berriz, Samitier izan zen. Markina-Xemeingo Udalean jaso zuten biek saria urriaren 24an. Antolatzaileek jakinarazi dute hamasei lan aurkeztu zituztela sariketa horretara eta Murmur izan zela irabazlea, epaimahaikideek (Leire Bilbao, Ainhoa Aldazabal eta Mari Eli Ituarte) aho batez aukeratuta.