Tolosan gertatuko zenaren zain zeuden final laurdenetako gainerako saioetan zuzenean sailkatzeko txartelak eskuratu ez zituzten bertsolariak. Nerea Elustondo Plazaolak irabazitako saioa izan da fase horretako azkena, eta, orain bai, argitu da nortzuk igaro diren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko erronkara, finalerdietara. Hemezortzi bertsolari ariko dira nor baino nor gehiago, seiko multzotan banatuta. Horietako bat izango da Ane Labaka Mayoz herritarra.
Oiartzungo Elorsoro kiroldegian ariko da Labaka hilaren 17an, igandez, 17:00etatik aurrera, beste bost bertsolarirekin: Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eli Pagola Apezetxea, Nerea Elustondo Plazaola eta Oier Etxeberria Zubimendi.
Astebete geroago jokatuko dute bigarren finalaurrekoa, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, 17:00etatik aurrera: Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Eneko Araiztegi Agirre, Eneritz Artetxe Eizagirre eta Unai Mendizabal Jauregi ariko dira.
Hirugarren eta azken finalerdia abenduaren 1ekoa izango da, Arrasateko Uarkape pilotalekuan, 17:00etan. Saio horretan koplaka jardungo dira Agin Laburu Rezola, Andoni Rekondo Izagirre, Eñaut Martikorena Lizaso, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Maider Arregi Markuleta eta Oihana Iguaran Barandiaran.
Hemezortzi bertsolari horietatik zortzi sailkatuko dira Donostiako final handira: talde bakoitzeko irabazlea eta puntu gehien biltzen dituzten beste bost bertsolari. Abenduaren 14an lehiatuko dute txapela, Illunben.