ESKUTITZA

Lasarte-Oriako Euskal Jaia: balorazio positiboa?

Borobilean Elkartea 2024ko urr. 24a, 11:33

Borobilean Elkarteko kideek eskutitz bat bidali dute TXINTXARRI-ren erredakziora, joan den igandeko Euskal Jaiari buruzkoa. Jarraian irakur dezakezue, osorik:

Borobilean, beste ezeren gainetik, pentsamendua dugu bokazioa; horregatik, hain zuzen, hausnarketa gune moduan planteatu genuen. Errealitateak, egunerokoak, eragiten dizkigun kezka eta zalantzen aurrean elkarren artean gogoeta egiteko espazioa. Galderak egitea da, beraz, gure funtzioa. Erantzun egokienaren bila planteatzen diren galderak. Galdera berriak sortuko dizkiguten erantzunak, ziurrenik. Komunitatea buruan edukita beti, Lasarte-Oriako komunitatearen eraikuntzan gure ekarpena egitea baita gure helburua.

Komunitatea mamitzeko bide horretan, herria eraikitzeko gakoetaz egin genuen gogoeta Borobilean Elkarteak ikasturteari hasiera emateko irailean antolatutako tertulia irekian. 16 elkarteren kideak eta parte hartu zuten herritarrak bat etorri ziren herriaren eraikuntzan elkarren arteko komunikazioak, saretzeak eta lankidetzak duten garrantzian. Eta Udalak, herritarrak ordezkatzen gaituen erakundea izanik, mimoz zaindu beharko lituzke balio horiek. Elkarte askoren kideen artean, hala ere, ezinegona eta kezka handiak somatu genituen Udalarekiko harremanetan gabezi asko dagoelako. Komunikazio falta da hutsune horietako bat, modu nabarmenean areagotu dena azken garaiotan.

Ezin dugu ezkutatu tertulia horretan hainbat elkarteetako kideek luzatutako kezkak burura etorri zaizkigula aurreko asteburuan “ospatutako” Euskal Jaian ikusitakoa eta gero. Ez kezka bakarrik. Antolaketaren ardura Ttakuni kentzeak, egitarauan eta prestaketetan urteetan aritu izan diren elkarteekin hitzik egin gabe erabakia hartzeak, inorekin kontatu gabe Euskal Jaia burutzeak… samina eragin digu euskaltzale askori. Horrek eraginda, eta gure bokazioari jarraituz, ezin diogu uko egin gure buruari galderak egiteari. Ez al da “ospakizun” triste eta etsigarria izan? Euskal Jaia izan da?Jaia ere izan da? Posible al da, gure ustez iruzurtia den, “valoración positiva” baten atzean dena ezkutatu? Ez al da autokritikarako ordua? Ez al da balorazio partekatuaren garaia? Elkartu, entzun, hitzegin, proposatu, hausnartu, eztabaidatu, erabaki, ardurak partekatu… elkarteen lana baloratzea eta errespetatzea ez al da askoz eraginkorragoa eta eraikitzaileagoa? Herria eraiki, komunitatea osatu… ez al da elkarrekin egiten? Zorionez Lasarte-Oriak lankidetza horretarako prest diren herritarrak eta eragileak ditu. Egin dezagun gogoeta! Egin dezagun bidea!