Txistularien dianak zabaldu du herrian Euskal Jaian parte hartzeko deia. Pare bat orduz aritu dira musikariak kalez kale doinu ezagunak joaz eta jai giroa sortuz. Okendo plaza inguruan ibili direnean jarraitzaile bat izan dute, tarte batez beraiekin joan den haurra, eta Buruntzaldeko Ibilbideen Egunean parte hartzen ari ziren zenbait txangozale dantzan ere jarri dituzte.
Beste bi ekimenak plaza horretan bertan aurrera eraman dituzte arratsaldean. Ezarritako ordua baino ia ordubete geroago ekin diote herri kirol erakustaldiari. Hasi aurretik, Nepaletik etorritako hiru sherpa aurkeztu ditu Ernesto Ezpeleta Bihurrik. Horietako bat, Pasang Temba, Martin Zabaleta hernaniarrarekin Everest gainera igo zen 1980ko maiatzaren 14an. Ikurrina tontor hartan jartzen lehena izan zen mendizale euskalduna eta biek bezperan San Mamesen ohorezko sakea egin zuten. Dalai Lamaren banda bana jarri die lepo inguruan Ainara Elicechea kultur zinegotziari eta Jon Antxordoki Euskara zinegotziari, eta biei ala biei, bizitza zoriontsua opa die ere.
Bihurrirekin batera, Hodei Ezpeleta, Goizader Beltza, Aratz Beltza eta Enara Beltza aizkolariak aritu dira egurra mozten, Iparraldeko jokoetan, berriz, Carlos Aretxabaleta eta Ainhoa Larrinoa; Mikel Agirre ondarrutarra, Bizkaiko trontza txapelduna, zenbait probatan aritu da eta Elene Ostolaza harriak jasotzen. Jaien prentsaurrekoan bi harri jasotzaile ariko zirela eta Okerra altxatzen saiatuko zirela aurreratu bazuten ere, Ostolazak, 50 kiloko zilindroa, kubikoa eta esferikoa baliatu ditu bakarrik.
Ohikoak eta beste batzuk
Zenbait proba egin dituzte partaideek zereginak eta lehiakide kopuruak moldatuta. Ezpeleta aita-semeak elkarren aurka aritu dira, lehenik eta aitzurrarekin egurra moztu duen Beltzaren aurka, ondoren. Larrinoak txingak eraman ditu eta lasto altxatzean aritu da Aretxabaleta, baita elkarren aurka ingude altxatzean lehiatu ere. Goizader Beltzaren seme-alabek aizkorarekin duten trebezia ere erakutsi dute. Nolako zura, halako ezpala. 6 urteko Enarak, uste baino gehixeago kosta bazaio ere, enborra zatitzea lortu du.
Azken ariketan, bi taldetan banatuta bost enbor moztu behar izan dituzte, bakoitza ebakitzea lortzean, Larrinoak, txingak eskuan, bi buelta eman edo Ostolazak bost jasoaldi egin behar zituen hurrengoarekin jarraitu aurretik. Bostak eginda, trontzan hiru zati moztu behar izan dituzte.
Herritarrak batzen joan dira saioak aurrera egin ahala eta hesiekin osatutako itxituraren inguruan jarri dira. Antolatzaileek baserritar janzteko deia egin bazieten ere, inork ez du arropa horien alde egin. Ohiko probetan partaideek duten trebezia ukaezina da, baina bertaratutakoak gehien txunditu dituena Bihurrik motozerrarekin enborra moztuta egindako aulkia edo Agirreren lasto botatzea izan dira. Fardoak 4,80 metrotan jarritako langa gainditzea lortu du; 5 metroan, ordea, kale egin du hiru saiakeratan.
Erakustaldia amaituta, Jaian Jai taldearen erromeriaren txanda izan da. Euskal kanta ezagunez osatutako errepertorioa eskaini du, euskaraz nagusiki, nahiz eta bertan zeudenei hitz egitean gaztelaniaz egin gehienetan eta rantxera batzuk gaztelaniaz abestu. Kantuan eta dantzan, amaitu dute arratsaldea eta jaia bera ere.