'Sorkuntza memoriatik' jardunaldia aurrera eramango dute gaur

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urriaren 23a

Ekainean aurrera eraman zuten Emakume Sortzaileen I. Jardunaldia.

Emakume Sortzaileen II. Jardunaldia aurrera eramango du Lasarte-Oriako Ihitten elkarteak, 18:30ean, Antonio Mercero aretoan. 'Sorkuntza memoriatik' izenburupean iragarri dute. Hiru emakume gonbidatu dituzte: Nagore Legarreta argazkilaria, eta Fanny Alonso eta Maialen Porroy Intxausti diseinatzaileak. Bi lanen berri emango diete bertaratzen direnei, Legarretak 'Ibaia ez da toki bat' aurkeztu du, eta Alonsok eta Porroyk, berriz, 'Kotoi' ezagutaraziko dute. Ondoren, solasaldi bat aurrera eramango dute.

Aipatu bi lan horiek dokumentalak dira, eta horietan memoria da lan artistikoaren ardatza. Horiek, gainera, agerian utziko dute, besteak beste, garai bateko espazioak, jendearen oroitzapenak eta bizipenak sorkuntzarako lehengai ere badirela.

Ikus-entzunezkoen ostekoa

Ibaia ez da toki bat ikus-entzunezkoak gaztelerazko azpidatziak izango ditu, eta Kotoik, aldiz, euskarazkoak. Horeik proiektatu eta gero, solasaldia egingo dutela iragarri du elkarteak. Hizlariek aipatu proiektuak osatzeko izandako esperientzia partekatuko dute entzuleekin, hala nola, ideiaren hastapenak, bilakaera, hura gauzatzeko bizitako zailtasunak eta pozak eta beste zenbait kontu izango dituzte ahotan. Hori guztia, noski, emakume izatearen begiradatik. Sorkutza bizi proiektutzat hartzeaz ere arituko dira, eta guztiona den memoria berreskuratzeaz, lehenesteaz eta balioan jartzeaz ere hitz egingo dute. 

Elkarte antolatzaileak iragan ekainean antolatu zuen lehen jardunaldia. Orduko hartan ere emakumeak izan ziren gonbidatuak, bost zehazki, hain zuzen ere, hori baita Ihittenen helburua, "emakumeen beharrak eta gabeziak ezagutzea", baita emakume izateak sorkuntza prozesua zeharkatzen duela bistaratzea. Jardunaldien bitartez, gainera, herriko kultur bizitzari euren ekarpena egin nahi diote elkarteko kideek. 

Ekainekoari jarraipena

Areto berean elkartu zituen aurrenekoz emakumeak, sortzaileak eta herritarrak diren zenbait pertsona ekainean, Emakume Sortzaileen I. Jardunaldian. Aintzane Usandizaga (Ihitteneko kide ere bada), Bea Egizabal, Nora Izagirre, Ainhoa Negeruela eta Karmele Salsamendi gonbidatu zituzten Idoia Garzesek gidatutako saiora. Herritarren jakin-mina piztu zuen ekimenak eta dozenaka bertaratu ziren gunera. Hizlariek esan zutena entzuteaz gain euren hausnarketak plazaratu zituzten.

Gaur izango dute horretarako beste aukera bat, esan bezala, 18:30ean, Antonio Mercero aretoan.

Erlazionatuak

Egunerokotasunaren akrobatak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024 eka 12 Kultura