Urriaren 20a, Buruntzaldeko ibilbideez gozatzeko eguna

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 11a, 15:45

Buruntzaldeko udal kirol ordezkariak, aurkezpenean. Arg.: Usurbilgo udala

Buruntzaldeko Ibilbideen XVI. eguna aurkeztu dute gaur goizean Usurbilen. Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo kirol arduradunek aurtengo edizioko nondik norakoak azaldu dituzte

Buruntzaldea eskualdeko landa ingurune naturala ezagutzeko aukera berria izango da urriaren 20an. Buruntzaldeko udalen kirol zerbitzuek Ibilbideen XVI. eguna antolatu dute.

Lehiatzeko ez den eta edozein publiko motarentzat egokia den jarduera fisikoa eta gure txoko naturaletan barrena ibiltzeko helburua duen ekimena da gaur Usurbilen aurkeztutakoa. 

Bost ibilbidez gozatua ahalko dute ekimenarekin bat egin nahi duten herritarrek:

  • ANDOAIN – LASARTE-ORIA. Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak, urdina eta urre zaharra; 7,9 km.ko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.
  • ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8km-ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.
  • ANDOAIN – USURBIL. (Andatzatik barrena). Koloreak, urdina eta laranja; 14,9km-ko luzera du (luzeena da); oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.
  • LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9km-ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.
  • LASARTE-ORIA – USURBIL – AGINAGA. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9km-ko luzera du (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino); oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Horien guztien trazatu, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak ere daude herri bakoitzean, baina mugikorrean eskuragarri izan ahal dituzte herritarrek Navi Ruta izeneko aplikaziori esker. Horretarako tresna deskargatu eta ibilbide bakoitza aktibatzeko herrietan dauden paneletako QRa eskaneatu edo herri  bakoitzari dagokion kodea sartu behar da -Andoain: 125: Lasarte-Oria: 123; Usurbil: 126 eta Urnieta:124-. Agerraldian ohartarazi dutenez, aurretik bide hori erabiltzen zuten pertsonek berriro instalatu beharko dute, aplikazioan berrikuntza batzuk egin direlako.

Kontrolak eta autobusa

Urtero moduan kontrol postuak izango dira herri bakoitzean -Lasarte-Orian Elizatze plazan egongo da- eta bertan kontrola egiteaz gain, anoak ere izango dira.

Antolatzaileek aipatu dutenez, aurten horietan ez da ur botilarik banatuko, beraz, nork bere botila eraman beharko du eta bidean dauden iturrietan bete ahalko da.

Ibilbideak egin eta etxera itzultzeko laguntza ere izango dute ekimenean parte hartzen duten herritarrek. Autobus zerbitzua egongo da 12:00etatik 14:40era. Aginagatik aterako da eta Urnietan amaituko du bidea. Buruntzaldeko herri guztietan izango du geltokia; Lasarte-Oriaren kasuan, Dorretxe (Euskotren) biribilgunean. Bertan gainera afixa bat egongo da zerbitzuaren ordutegiarekin.