2024ko irailaren 12 bilkuraren aktaren onarpena eginaz hasi du udal korporazioak udalbatzarra. Aho batez onartuta geratu da, eta, ostean, irailaren 10etik hilaren 6ra arte eman diren alkatetza dekretuen berri eman du Agustin Valdivia alkateak.
Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioa eztabaidatu dute gero. Horren bitartez, establezimendu turistiko berrien lizentziak emateko bi urteko luzamendua eskatu du alderdikide Migel Angel Tolosak. Arduratuta azaldu da turismora bideratutako etxebizitzen ugaritzearekin, eta horrek, etxebizitzara sarbidean eta bizikidetza komunitarioan eragin negatiboa duela nabarmendu du, besteak beste. Gauzak horrela, garapen turistiko orekatu bat lortzeko konponbidea bilatzeko hausnarketa aldi bat proposatu dio korporazioari.
Eztabaida sortu du gaiak, baina ez du aurrera egiterik lortu. PSE-EEk, EAJk eta PPk aurka bozkatu dute (guztira 10 boz batu dituzte), eta EH Bilduk, berriz, aldeko jarrera izan du.
Galderak eta erreguak
Udalbatzarra amaitu aurretik oposizioko bi alderdiek (EH Bildu eta Elkarrekin Podemos) hitza hartu dute udal gobernuari galdera sorta egiteko. Hauxe dira mahai gainean jarri dituzten gaietako batzuk: zinegotziek dekretuetara izan beharreko sarbidea, etxez etxeko zerbitzuari dagokion prezio publikoaren argitalpena, ikasturte hasierako eskola kontseiluaren deialdia eta Hezkuntza lege berriak udalei ematen dizkien eskumenak udalean integratzeko zein asmo dagoen, alkateak LOOPArekin harremanik ba ote duen eta abendura bitarte anbulatorioan oposizio bidez betetzea aurreikusten diren lanpostuen gainean berririk badagoen, edota noiz deituko dituzten barne erregimeneko zein Ogasuneko batzordeak.