Alderdi horren bozeramaile Miguel Angel Tolosak adierazi duenez, "kezkatuta" dago turismora bideratutako etxebizitzen ugaritzearekin eta horrek "etxebizitzara sarbidean eta bizikidetza komunitarioan duen eragin negatiboarekin". Eusko Jaurlaritzaren datuak jarri ditu mahai gainean eta nabarmendu mota horretako 30 apartamentu daudela gaur egun: 2022an hamahiru lizentzia eman zituzten, zortzi iaz eta bederatzi aurten (azken biak, irailean).
Hori horrela izanik, Elkarrekin Podemosek "garapen turistiko orekatu bat lortzeko irtenbideak bilatzeko hausnarketa aldi bat" hastea proposatuko die korporazioko gainerako alderdiei. "Lasarte-Oriak ezin du beste hiri batzuen bidea jarraitu, non turismoaren hazkunde neurrigabeak gazteak kaleratu eta auzo askotako bizi kalitatea hondatu duen", hausnartu du Tolosak.
Ikerketa "sakon" bat
Esan bezala, mozio bat eramango dute biharko udalbatzarrera eta proposatuko dute bi urteko luzamendu horretan ikerketa "sakon" bat egitea udalak, helburu honekin: merkatu inmobiliarioan, zerbitzu publikoetan eta auzotarren bizi kalitatean dituen ondorioak aztertzea. Epea amaitzean, azterketaren emaitzak udalbatzarrean eztabaidatuko lituzkete, "garapen turistiko jasangarria" ahalbidetuko duten politika berriak ezartzeko.
"Gure helburua da Lasarte-Orian turismoa modu arduratsuan garatzea, auzotarrei kalterik egin gabe eta onura ekonomikoen eta komunitatearen ongizatearen arteko oreka mantenduz", gehitu du Tolosak.