Tantoz tanto, herria egiten

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko urriaren 6a

Txapelketako jokalari eta babesle nagusiek talde argazkia atera zuten amaitu aurretik.

Ekainean egindakoari jarraipena eman eta banakako frontenis txapelketa bat aurrera eraman du herriko gazte talde batek Mirentxuko Trinketean, kirol azpiegitura hori biziberritu eta kirola oinarri hartuta herria egiteko. Iker Artetxek jantzi du txapela, joko eta gaitasun fisiko erakustaldia emanda. 

Frailea bilatu eta bilatu aritu ziren jokalariak atzo Mirentxuko Trinketean, baina ez konfesatzera joan eta norberak bere bekatuengatik barkamena eskatzeko. Fraile hori ez da hezur eta haragizkoa, harrizkoa baizik: frontisaren eskuinaldean kokatuta dagoena eta pilota bertara jaurtiz gero tanto erdia baino gehiago ziurtatzen diona jokaldi hori egiten duenari. Atzoko txapelketan Iker Artetxe izan zen horretan gehien asmatu zuena, hasi eta buka, eta merezimendu osoz jantzi zituen txapela eta kamiseta gorria, final zirraragarri batean Joseba Rekondori 22-18 irabazita. Lehiari ekin aurretik bera zen faborito nagusia eta bete egin zituen aurreikuspenak. 

Bete egin zena baita ere trinketea bera izan zen. Ekainean egindako binakako txapelketan ereindakoak fruitu ederrak eman ditu eta Iban Vazquez, Iker Artetxe, Aritz Solano eta Unai Arrutik gidatutako antolatzaile taldeak asmatu du jokalariak eta zaleak kirol azpiegitura horretara erakartzen. Nola, eta herria egiten: herritik eta herriarentzako txapelketa bat, herriko belaunaldi gazteen artekoa eta herriko babesleen laguntzarekin: Avenida taberna-jatetxea; Etxezarreta harategia; Ilargi, Trumoi, Txanpa, Andatza, Patricio, Punto eta Escalerilla tabernak; eta Lennon Barber Shop ile apaindegia. Horiei guztiek eskerrak eman dizkiete, emandako laguntzagatik.

Bigarren txapelketa honetarako kamisetak egin zituzten antolatzaileek. Atzealdean keinu eder bat egin diote Okendo plaza zaharrari, 2009koa baino lehenagokoari, herriko belaunaldi askok eta askok bertako frontoian jokatzen zutenari. Pasa dira urteak, eta, nolakoa den bizitza, garai horietan ume koskorrak zirenetako batzuk berriro elkartu ditu kantxa batek, kasu honetan, Mirentxukoak.

32 jokalari, nor baino nor gehiago

Atzoko txapelketan 32 jokalarik parte hartu zuten. Goizeko bederatzietan ireki zuten koadroa Alex Altunak eta Aritz Solanok eta lehen unetik argi geratu zen trinketera joan zirenek egun osoan zehar ikusiko zutena: partida lehiatu eta emozionanteak eta tanto ederrak. Neurketen nondik norakoak primeran jarraitu ahal izan zituzten zaleek, Haritz Esnal eta Ander Zulaikaren lanari esker. Beraiek biak arduratu ziren markagailua zaindu eta norgehiagokak komentatzeaz, mikrofonoa eskuan hartuta. Epaile lanak, berriz, antolatzaileek beraiek egin zituzten, euren artean txandak eginda. Zeregin horri dagokionez behintzat, jardunaldi lasaia izan zuten.

Pixkanaka-pixkanaka erabakitzen joan ziren kanporaketak eta finalerdietara heldu ziren Joseba Rekondo, Unai Ituarte, Jon Sasarasua eta Iker Artetxe. Iluntzen ari zuen ordurako eta trinketeko fokuek giro berezi eta beroa eman zieten jokatzear zeuden bi neurketa zirraragarriei. Zoritxarrez, bertan zeudenek nahi baino askoz lehenago bukatu zen lehenengoa, Rekondoren eta Ituarteren artekoa; 6-7 aurretik zihoan bigarrena, eskuin hankako bikietan gainkarga batengatik erretiratu egin behar izan zuen arte. Masaje, jaki, edari... denetik egin zuen gorputzari buelta emateko baina ezin izan zuen jokatzen jarraitu eta Rekondo izan zen finalerako lehen sailkatua.

Bigarren finalerdian erakustaldi ederra eman zuten Sarasuak eta Artetxek, batez ere, fisikoa. Biek ala biek bazituzten kilometro batzuk dagoeneko hanketan baina halere den-dena utzi zuten kantxa barruan, goian zeuden zaleen gozamenerako. Tantoak bukatzerakoan finago ibili zen Artetxe eta horrek eman zion final handirako bigarren txartela.

Minutu batzuez berotu ostean ekin zioten partida erabakigarriari Rekondok eta Artetxek. Freskoago zegoen lehenengoa eta markagailuan abantaila hartu zuen, 2-4. Gerora txapeldun izango zena, ordea, 5-0eko partzial baten bidez 8-4 aurreratu zen eta tanto abantaila horri ez zion utzi alde egiten. Bigarren atsedenaldira 18-11 joan zen aurretik eta hatzekin ukitzen ari zen txapela, baina bere larrua oso garesti saldu zuen Rekondok eta estu hartu zuen Artetxe, 0-4ko partzial bat sartuta (18-15). Kolpe batzuk trukatu zituzten batak eta besteak baina azkenean Artetxe izan zen zutik geratu zena eta berak irabazi zuen txapelketa, gaur-gaurkoz jokalari sasoiko eta onena bera dela argi utzita. Ekainean ere txapela atera zuen, bikoteka, Mikel Gonzalezekin batera.

Gonzalezek izena emana zuen banakakoan jokatzeko, baina, lesio bat tarteko, ezin izan zuen lehiatu. Edonola ere, sari banaketaren aurreko tartea baliatu zuen erraketa hartu eta Lander Ortegarekin batera kantxara irten eta tanto batzuk jokatzeko, zaleen txalo eta oihu artean.

Anekdota polit horren ostean ongi irabazitako sariak jaso zituzten Artetxek, Rekondok, Sarasuak eta Ituartek. Avenida taberna-jatetxeko Yon Mikel Rodriguez eta Etxezarreta harategiko Roke Etxezarreta arduratu ziren jokalariak saritzeaz. Ondoren, parte hartzaile guztiak trinketera jaitsi ziren eta talde argazki bat atera zuten, hilabete gutxiren buruan gazte batzuen ekimenak hartu duen dimentsioa zein den irudikatzeko.

Afaria, giro ederrean

Artetxe eta Rekondoren arteko partidarekin amaitu zen frontenis txapelketa baina horrekin batera hasi zen beste txapelketa bat: gauekoa. 60 bat pertsonak izena eman zuten antolatzaileek antolatutako afarian eta giro ederrean joan ziren horiek guztiak Escalerilla jatetxera. Hestebeteak, itsaski entsalada epela edo onddo nahaskia eta entrekota, lupia edo txipiroiak jan zituzten. Ondoren, postrea, kafeak eta konbinatuak.

Sabela bete ostean afarira joandako bakoitzak nahi adina luzatu ahal izan zuen parranda, nola ez, herrian bertan.

Erlazionatuak

Mirentxuko Trinketea biziberritu dute

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024 eka 09 Kirola