Mirentxuko Trinketea biziberritu dute

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko eka. 9a, 13:19

Herriko gazte talde batek frontenis txapelketa antolatu du kirol azpiegitura horri bizia emateko. Hamasei bikotek parte hartu dute; Iker Artetxek eta Mikel Gonzalezek jantzi dituzte txapelak. Giro ederrean aritu dira goiz eta arratsalde eta herritar ugari bertaratu dira partidez gozatzera. Antolatzaileak oso pozik daude ekitaldiak izan duen harrerarekin.

Denbora asko zeraman Mirentxuko Trinketeak kirol arrazoiengatik albiste izan gabe. Atzo gertatu zen hori, herriko gazte talde batek erraketekin kendu baitzituen azpiegitura horretako armiarma sareak. Kantxa biziberritzeko asmoz, gomazko pilotazko frontenis txapelketa bat antolatzea bururatu zitzaien eta asmo hori ahoz aho zabaltzeak izan zuen eragina, hamasei bikotek izena eman baitzuten. Lehen aldia izateko, ez dago batere gaizki.

Txapelketa herrikoia izanagatik, hasiera-hasieratik utzi zuten garbi jokalariek kantxa barruan ez dagoela lagunik eta ez zutela tantorik oparituko, lehen ordutik Mirentxura bertaratu ziren ikus-entzuleen gozamenerako. Den-dena eman zuten eta ordu erdirako bi pilota hautsi zituzten, intentsitate oso altuan jokatzen ari ziren seinale. Lehiakortasun horrek, edonola ere, ez zuen liskarrik eragin; kiroltasunez aritu ziren guztiak. Txapelketa herrikoia, arau herrikoiak: unean-unean erabaki jokaldi polemikoekin zer egin, eztabaida hutsaletan sartu gabe. Epaile lanak Haritz Esnalek egin zituen eta oso txukun jardun zen, jokoa gainbegiratzeaz gain markagailua tantoz tanto eguneratzen, Aritz Solanori bere aita Jose Felixek utzitako kontagailu eder batekin.

 

Final zortzirenak eta final laurdenak jokatu zituzten bazkaltzeko etenaldia egin aurretik. Kantxa barruan topera ari ziren jokalarien lana saritu zuten ikusleek eta animoak ematen jarraitzeko eztarria freskatzea aukeratu zuten askok, garagardoa edota kalimotxoa eskatuta. Lehiaketaren babesle izan zen Avenida taberna-jatetxean egin zuten etenaldia antolatzaile taldeak eta zenbait bikotek, patata tortilla goxo batzuk janda.

Artetxe eta Gonzalez, txapeldun

Arratsaldeko lauetan hasi ziren semifinalak: lehenengo, Arruti eta Santxi, Bardaji eta Galarragaren kontra; ondoren, Artetxe eta Mikel, Sarasua eta Huegunen aurka. Arerioak baino finago aritu ziren Arruti-Santxi eta Artetxe-Mikel, finalerako aise sailkatuta. 22-13 eta 22-7 irabazi zituzten euren neurketak, hurrenez hurren. Txapelketak ordura arte nahikoa emozio izan ez bazuen, gatz eta piper pixka bat gehiago gehitu zion txapelak janzteko borrokatuko zuten lau jokalariak kuadrilla berekoak izateak.

Partida handi horren aurretik hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko norgehiagoka jokatu zuten. Finalerdiak baino estuagoa izan zen partida hori eta azkenean Huegunek eta Sarasuak irabazi zuten, 22-18. Gustura ospatuko dute Avenida taberna-jatetxean bapo janda, bertako bi menu poltsikoratu baitzituzten hirugarren geratu izanagatik.

Finalera fisikoki osoago iritsi zirela baliatu zuten Arrutik eta Santxik markagailuan aurrea hartzeko, 4-9. Gero, ordea, neurketa erabat irauli zuten Artetxek eta Mikelek, bederatzi tanto segidan eginda. Bazirudien erabakita zegoela partida 16-10ekoa ezarri zutenean, baina euren larrua garesti salduko zutela erakutsi zuten aurkariek eta bi tantora gerturatu ziren. Boxeolariak bailiran, elkarri kolpe batzuk eman zizkioten, txapeldun izango ziren Artetxe eta Mikelek ezker gantxo erabakigarria jo zuten arte, 22-16. Izen emateetatik lortutako dirua garaileen eta finalisten artean banatu zuten: 200 eta 100 euro poltsikoratu zituzten, hurrenez hurren. Horrez gain, ikusleen eskertza jaso zuten txalo artean. Arratsaldeko zaparrada bakarra ez zen zerutik erori.

Bukatzeko, afaria

Txapelketan parte hartu duten guztiak kantxara jaitsi ziren eta talde argazki gogoangarri bat atera zuten. Eguna giro ederrean amaitzeko Intza elkartean bapo afaldu zuten: urdaiazpikoa, txorizoa, fueta, patea, txistorra, entsalada epela eta Etxezarreta harategiko albondigak saltsan. Sabela bete bitartean egunean zeharreko anekdota ugari gogoratu zituzten bildutakoek, giro ederrean. Hori da txapelketa herrikoien ezaugarrietako bat, izenak ongi dioen bezala: herria egiten laguntzen dute, kasu honetan, belaunaldi desberdinetako gazte ugari elkartu eta euren arteko harremanak sendotuta.

Iban Vazquez, Aritz Solano, Iker Artetxe eta Unai Arrutik gidatutako antolatzaile taldea pozarren dago txapelketak izan duen harrerarekin. Mugarri bat ezarri du eta etorkizun oparoa izan dezakeen ekitaldia izan daitekeela argi geratu da. Are, egun bakarrean jokatua izateko dimentsio handiegia har dezake, kontuan izanda partidak ikustera joandako askok adierazi zutela lehiaketa berriz antolatzekotan bertan parte hartzeko asmoa. Ikusteke dago hala izango den ala ez, baina dagoeneko egin dutena ez da gutxi: lehorra eta erabat utzita zegoen lur eremu batean (kantxa batean, kasu honetan) haziak landatu eta fruitu ederrak jaso dituzte.

Erlazionatuak

Trinketeko txapelketa, iruditan

Txintxarri Aldizkaria eka 09 Kirola