Udal gobernuak "edukirik gabeko oposizioa" egitea leporatu dio EH Bilduri

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 30a, 11:26

Udal gobernuko kide sozialista eta jeltzaleak, udaletxe berriaren atarian.

Irail erdialdean EH Bilduren udal taldeak adierazitakoei erantzun die PSE-EEk eta EAJk osatzen duen udal gobernuak. Alderdi horrek egin dizkion kritikak "bere lan eskasaren eta lasarteoriatarren bizitza hobetzeko proposamen zehatzen faltaren emaitza" dela uste dute udaletxea kudeatzen dutenek.

Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza udal gobernua osatzen duten bi alderdietako kide guztien izenean. Nabarmendu du "oso gida argia" dutela, "herritarren bizitza hobetzeko 140 neurri baino gehiago dituen programa, egunez egun aurrera eramaten ari garena". Bien bitartean, EH Bilduren "erabateko proposamen falta" kritikatu du: "Gai oso garrantzitsutan ikusten ari gara hori: Lasarte-Oria eremu tentsionatu izendatzea, kale garbiketa, hiribusaren zerbitzu berria edota udala antolatzeari buruzko azterketan". Gehitu du udal gobernuak "behar adina informazio eta denbora" eman diola baina ez duela "proposamen bakar bat ere egin". 

Aurreko legealdietan udal gobernuarena zen programazioaren "zati handi bat" bereganatzea ere leporatu diote koalizio subiranistari. "Orain, kritika batzuk egiten ditu ezer zehatzik ekarri beharrean, gainera, gobernu taldea erantzule ez den edo dagoeneko konponduta dauden gaietan oinarrituta".

Langileak ordezkatzea, "oso zaila"

Udaletxe barruko lanpostuetan dauden hutsuneei dagokienez, Valdiviak jakinarazi du "azkar" saiatzen direla ordezkapenak egiten baina "oso zaila" dela, "udal guztietan" gertatzen den bezala. "Oso zaila da teknikariak ordezkatzeko hautaketa prozesuaren bermeak ezartzea; batzuetan, gainera, langilearen baja bera baino luzeagoa eta betegaitzagoa da". 

Alkateak onartu du arazoak dituztela elkarteekin hitzartutako dirulaguntzak ordaintzerakoan, baina "ia konponduta" dagoela hori: "Teknikari berriek egindako irizpideen aldaketak inork nahi ez duen atzerapena eragin du; 25 urte zeramatzan udalak beste irizpide batzuekin lanean". 

Oposiziokoekin biltzeko prest

"Gobernu taldeak ez du inoiz arazorik izan oposizioko alderdiekin elkartu eta udaleko gaiak jorratzeko", zehaztu du alkateak. "Beti egongo gara prest herritarren arazoak konpontzeko proposamenak egin nahi dituztenekin biltzeko". Horren aurrean, EH Bilduren udal taldeko kideei honakoa esan die: "Ondo dakite behar den informazio guztia dutela, eta, proposamenik egin ez badute, izan dela ez dutelako beharrezkotzat jo edo ihes egiten diguten beste arrazoi batzuengatik".

Halaber, Valdiviak berretsi du sozialistek eta jeltzaleek adostutako programa "betetzen" jarraituko dutela: "Atsobakarreko kirol gunea, kiroldegi berria, bide garbiketa, hiribusa, Erribera kaleko lanak, igogailuak eraikitzea, Hiri Antolamendu Zerbitzu (HAZ) berria...". Bide horretan "gustura" hartuko dituzte EH Bilduren proposamenak, "egin eta ekarri nahi badituzte, baina hori beraien erantzukizuna da".