Elkarte eta eragileek jasotzen dituzten dirulaguntzetan jarri dute fokua EH Bilduko kideek, besteak beste. Panorama "etsigarria" dela deitoratu dute: "Hilabetetako atzerapenarekin ordaintzen dira, urte osoa gaindituz kasu batzuetan. Uda baino lehen kobratu dute iazko laguntzen azken zatia eta aurtengoak deitu gabe oraindik". Horren eraginez, taldeek "arazo larriak" dituzte eguneroko ordainketei aurre egiteko eta programazioak aurrera eramateko. Herriko familiei eskolako materiala erosteko udalak ematen dien ekarpen ekonomikoarekin gertatutakoa jarri dute adibidetzat: "Akats bat medio, iazko deialdia bertan behera geratu da eta eskaerak ezerezean geratu dira; bukatu zen ikasturtea eta dirurik ez dago, eskatzaileei inolako azalpenik eman gabe". Horrelakoak "marra gorri bat" dira koalizio subiranistarentzat. "Ezinbestekoa da eragileekin lankidetza hurbil eta on bat garatzea".
"Gabeziak" departamentuetan
Udal gobernuak "modu planifikatuan" ez kudeatzea "arazoa" dela uste du EH Bilduk eta horrek ondorioak ekarri dituela udaletxeko sail askotan. Zerbitzu Publikoena, esaterako, "hankaz gora" dagoela salatu du, udan langile bakarra aritu delako lanean, "zetozkion lanei nekez aurre eginez". Euskararenean, aldiz, bost langiletik bi falta direla jakinarazi du eta sei hilabete daramatzala arduradun teknikorik gabe. Kulturarenean "ezegonkortasuna da nagusi azken urtean", bai gerentziari eta bai gainerako ia lanpostu guztiei dagokienez, "halamoduzko erantzunak" emanda herritarren beharrei.
"Kirol departamentua arduradun teknikorik gabe egon da otsailetik, eta, batzordea, sei hilabetetan deitu gabe", adierazi du EH Bilduk. Gizarte Zerbitzuetan, berriz, berdintasunaren arloaz arduratzen den gizarte langilea bajan dago duela hilabete askotatik eta ez dute ordezkatu. Horrez gain, langile gehiago falta direnez, beharrean ari direnen artean banatzen dituzte zereginak: "Horrek dakartzan saturazio eta atzerapenak herritarren kalterako dira".
Departamentuetan "gabeziak" egoteak "kili-kolo" utzi ditu horiek ematen dituzten zerbitzuak. Gainera, lanpostuak betetzeko "zailtasunak" ditu udalak: "Badakigu administrazioan oro har gertatzen ari den zerbait dela, baina Lasarte-Oriaren egoera ez da kasualitatea. Areagotzen ari da aspaldidanik datorren arazoa, azken urteetan hartutako erabaki estrategikoen ondorioz". Adibidetzat jarri du EH Bilduk iraupen luzeko bajekin gertatzen dena: "Ez dituzte beti ordezkatzen eta horrek lan karga eragiten die beste langileei, ohikoa ez den egoera bat probokatuz: askok alde egiten dute aukera duten bezain pronto". Herritarrek pairatzen dituzte horren ondorioak: "Ematen zaien arreta eskasa da: ez da azkarra, ez da eraginkorra, ez da haien beharretara egokitzen".
Azterketa eta plangintza
Aurrez azaldutakoari irtenbidea emate aldera, EH Bilduk eskatu dio udal gobernuari "azterketa zintzo bat eta hartu beharko dituen neurri zehatzen plangintza" osatzea, "epe motz, ertain eta luzean" aplikatzeko. Hori, edonola ere, urrun ikusten du koalizio subiranistak, salatu duelako PSE-EEk eta EAJk ez dutela egoera "larri" horri irtenbidea emateko planik: "Noraezean eta inertziaz ari dira".
Udal gobernuak lanketa hori egitekotan, hartuko dituen neurriak oposizioko alderdiei ezagutaraztea "ezinbestekoa" dela adierazi du EH Bilduk: "Hori ez da beti gertatzen; ezin dugu ezkutatu irakurketa hau egin ahal izateko informazioa eskuratzeko izan ditugun zailtasunak". Amaitzeko, kideek nabarmendu dute lasarteoriatarren alde "zintzoki" aritu nahi dutenek "beti" izango dituztela bidelagun.