Berrehun lagunek parte hartu dute II. Mendi Lasterketan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 29a, 16:02

Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteak antolatutako proba Patrick Laqueche Saralegik irabazi du, 1:11.37 behar izan du irundarrak ibilbidea osatzeko. Emakumezkoon podiumeko goiko mailara, berriz, Garazi Artola Balda zumaiarra igo da 1:29.59 denborarekin. Lasarteoriatarrei dagokienean,  Xabier Mujika Urruzola eta Nerea Arteaga Martiarena izan dira gizonezko eta emakumezko azkarrenak. 

Abiatzeko unea baino ordu erdi lehenagora arte jasotzea falta ziren azken dortsalak banatu dituzte Antonio Mercero gunearen aurrealdean, eta ingurua beroketa ariketan egiten ari ziren lagunez betetzen joan da. Luzatze ariketak, korrikaldiak, jauziak... bakoitzak bere modura prestatu du gorputza zetorrenerako.

Abiatu baino hamar bat minutu lehenago Juan Luis de la Matari omenaldia egin diote Okendo plazan, parte hartzaileak, antolatzaileak eta boluntarioak bertan elkartuta. Agurra amaitu eta atzera kontaketari ekin diote. Berrehun izan dira Buruntzara bidean joan direnak eta 1:11.37 behar izan du lehenak, Patrick Laqueche Saralegik, gailurrera joan-etorria osatzeko, alegia, 780 metroko desnibel positiboa duen 4,5 kilometroko bidea egiteko. Minutu eta erdi geroago osatua zegoen gizonezkoen podiuma. Lehen emakumezkoa, berriz, Garazi Artola Balda izan da.

Azken korrikalariak helmuga zeharkatu eta hogei bat minutura, sari banaketa egin dute Okendon jarritako eszenarioan. Lehen bi sariak, LOTME taldeko emakumezko eta gizonezko azkarrenari, Javier Olazagoitiak eman ditu. Garaikur, diru sari eta Balerdi harategiko untxi bana jaso dituzte.

LOTME-ko lehen sailkatuak

  • Xabier Aizpurua Intxausti, 1:19:24
  • Rocio Calero, 2:28:32

Elkarrekin argazkia egin dute Calerok eta Aizpuruak eta ondoren, herritarren txanda izan da. Azkarrenek Joseba Iparragirreren eskuetatik jaso dute garaikur, diru sari, txorizo eta oilasko bana. 

LEHEN HERRITARRAK

  • Xabier Mujika Urruzola, 1:16:31
  • Nerea Arteaga Martiarena, 1:46:46

Bikoteak ere argazkia atera du eta sari nagusien txanda heldu da. Agustin Valdivia alkatearen eta Goizalde Pildain udaleko Kirol saileko buruaren ardura izan da podiumeko mailak bete dituzten korrikalariak saritzea.

EMAKUMEZKOAK

  1. Garazi Artola Balda (Usurbil), 1:29.59
  2. Libana Taboada Moran (Orio), 1:33:05
  3. Nerea Amilibia Arruti (Zarautz), 1:34:01

GIZONEZKOAK

  1. Patrick Laqueche Saralegi (Irun), 1:11.37
  2. Josu Galvez Calero (Eskoriatza), 1:12:40
  3. Xabat Alonso Flores (Hernani), 1:13:12

Hauei ere garaikur banaz gain, diru sari eta txuleta bana egokitu zaie. Maila bakoitzean jarri dira postu horretan amaitu duten bi korrikalariak, Artolaren txanda heldu den arte. Besoetan haur bat eta beste bat alboan zituela igo da eszenariora. Saiatu dira hiruak goiko mailan jartzen, baina nahikoa leku ez zegoenez, jaitsi, eta podium aurrean jarri dira Patrick Laquecheri lekua egiteko. Hala, talde argazkia egin dute sarituek.

Hurrengo mendi lasterketa bi urte barru, 2026an, jokatuko dute. 

 

 

Erlazionatuak