Okendo plazan jarritako eszenarioan "Juanlu... beti gogoan" hitzak dituen de la Mataren argazki erraldoia jarri dute. Izan ere, aurrerantzean, lasterketa haren omenezkoa izango da. Uztailaren 14an kide batekin mendian zebilela gertatu zen ezbeharra.
Irteerarako hamar bat minutu falta zirela, partaideei, antolatzaileei eta boluntarioei zabalgunera joateko deia egin die aurkezleak. Denak bertan batu direnean, LOTMEko lehendakariorde Javi Olazagoitiak hartu du mikroa eta hitz batzuk esan ditu de la Mata gogoratzeko. "Taldekide aparta zen eta denok gogoratzen dugu irribarre handi batekin eta aldarte onean. Taldekide itzela zen, eta bereziki, lagun ona eta pertsona bikaina". Halaber, LOTMEko kide denen izenean adierazi du "ohorea eta pribilegioa" izan dela bai bera ezagutzea bai orduak eta orduak berarekin igaro izana ere "une onetan eta une txarretan, izan baitira". "Denok gogoratuko dugu, ezinezkoa izango da bera ahaztea", gehitu du, eta azken hitzak de la Matari berari esan dizkio: "Zauden tokian zaudela, Juanlu, korrika egin gustuko zenuen moduan; korrika egin aske, hemen ez zaitugu inoiz ahaztuko eta".
Lore sorta bat eman die hunkituta zeuden Iara alaba eta Mar Montero alargunari, plazan zeudenen txalo artean. Ondoren, minutu bateko isilunea egin dute eta irteerara joan dira partaideak. Alaba, alarguna, Vanessa koinata eta Paula iloba arku azpian jarri dira eta bi dantzarik Agurra eskaini diete.