Txakurrekiko zaletasunak eraman zuen Juan Mari Encinas Gil Xuhakan Txakur Taldea sortzera. Txakurra ondo hezteak eta animalia gisa tratatzeak duen garrantziaz hitz egin du TXINTXARRIk berarekin eta Ana Lopez Polaina kidearekin.
Zergatik sortu zenuen Xuhakan?
Juan Encinas: Txakurrak izugarri gustatzen zaizkit haurra nintzenetik, baina gurasoen etxean dortoka besterik ez nuen lortu (kar, kar). Handik Lizartzako baserri batera bizitzera joan nintzenean, lehen txakurra izan nuen. Gauzak egiteko gustatzen zaizkit, lanerako animaliak baitira, eta berarekin entrenatzen nuen. Ikastaroak egiten hasi nintzen ere, nire txakurra ondo hezi nuen jakiteko, eta gustua hartzen joan nintzaion. Txakurrekin eta gidekin aritzea lagungarri zait, nire ihesbidea da.
Zer jarduera egiten dituzue?
J. E.: Oinarrizko mendetasuna, gidek txakurrekin dituzten arazoei aurre egiteko: deitu eta ez etortzea, uhalari tira egitea... Bai hemen (Apaor kaleko gunean), bai kalean entrenatzen dugu eta egunerokorako oso baliagarria da. Hori egiten zutenek zerbait gehiago eskatzen zidatenez, Erabilgarritasunezko Kirol Mendetasuna (EKM) ere lantzeari ekin genion eta 2019tik diziplina horretan lehiatzen gara.
Ana Lopez Polaina: Gidaren eta txakurraren arteko harremanean oinarritutako kirola da.
J. E.: Bai, baina ariketak kalean topa ditzaketen egoerak dira: haurrak baloiarekin jolasean, pilota botatzen... Agindu ezean, ezin duela joan irakasten diogu.
Beraz, irakastea oinarrizkoa da.
A. L.: Kumea denetik ez badizkiozu arauak ezartzen, arazoa gerora etorriko da. Eman eta eman egiten badiozu, eskatu egingo dizu; zuk tratatu duzun moduan jokatzen baitu. Maite duzulako zure etxeko txakurrari dena utzi eta ematen badiozu, etxearen jabe bilakatuko da.
J. E.: Animalia hierarkikoak dira eta beti goian egon nahi dute. Haurren moduan, sokari tira egiten diote gauzak lortzeko, baina irabazi egin behar dituzte.
A. L.: Ezjakintasuna da, txakur bat izateak zer ekar diezazukeen ez jakitea. Nahi duena egiten uzten badiozu, mugak jartzean edo heltzean arazo asko datoz.
J. E.: Aspaldi entzun nuen txakurra trebatzen hasi behar dugula kumea izan baino sei hilabete lehenago, ordutik pentsatu beharko genukeelako berarekin zer egingo dugun, zer utziko diogun eta zer ez... Kontua ez da dena debekatzea, gauzak egin ditzake; baina zenbait ez.
Zaila al da txakur bat heztea?
A. L.: Kasu bakoitza berezia da, baina nire ustez ez dago hezi ezin den txakurrik, oso muturreko kasua izan behar du, baina pazientzia handia eta konstantzia behar dira. Batzuekin errazagoa da, eta ez da gauza bera kumea denetik heztea edo mendekotasunik izan ez duen heldu bat, hori gehiago kosta daiteke.
J. E.: Erantzukizun oso handia da. Albaitariarenera eraman, jaten eman, ura, egunean bizpahiru aldiz atera behar duzu paseora, paseo aberasgarria izan behar da txakurrarentzat...
A. L.: Txakurra izaten utzi behar diozu. Usaindu, behar duena egin, batetik bestera ibili... Baina aldi berean, lan egiten ikasi behar du eta obedientziaren oinarriak izan behar ditu. Hala, arazo bat egon daitekeela ikusiz gero, badakizu txakurrak kasu egingo dizula.
Lopez polaina: "Bakoitza berezia da, baina, nire ustez, ez dago hezi ezin den txakurrik"
Gero eta txakur gehiago daude, hiriguneak moldatu al dira horri erantzuteko?
J. E.: Historiaurrean jarraitzen dugu. Herriko zenbait gunetan txakurrak aska daitezke, ordutegiaren arabera... Nire ustez, hiru gune zehaztu beharko lirateke eta ondo atondu, hau da: hesi bat jarri, argiteria, iturria eta zaborrontziak kaka poltsak botatzeko. Ez da gehiegi eskatzea.
Txakurrak gizatiartzeko joera ere badago. Nola eragiten die?
J. E.: Arropak, orga... Ibiltzeko arazorik ez duen txakurra organ paseatzea...
A. L.: Ez dakigu zer daukagun. eta arazoa izan daiteke jabeei ulertaraztea badirela zenbait gauza ez lituzketenak egin behar. Adibidez, txakurrei ez zaie gustatzen besarkatua izatea.
J. E.: Gure beharrak asebete nahi ditugu txakurraren bidez. Zerbait besarkatu nahi baduzu, erosi peluxe bat eta eman nahi beste muxu eta besarkada; txakurra errespetatu egin behar da.
Azaldutakoa azalduta, zer hartu beharko litzateke kontuan txakurra aukeratzerakoan?
A. L.: Askotan moden arabera jokatzen da eta uste dut test bat egin beharko litzatekeela, jende askok berarentzat egokia ez den txakur bat baitu. Bizimoduaren eta berarekin egingo dutenaren arabera, aditu batek nahi duten txakurra egokia den esatea edo aproposa zein den azaltzea.
Alegia, gutxieneko ezagutza izan erabaki aurretik.
A. L.: Jabearen gisakoa bilakatzen da txakurra. Aktiboa bazara, berarekin lan egitea gustatzen bazaizu, emozioak desberdinak dira. Lotura hori gizakiaren araberakoa da. Artzain txakur alemaniarra izan dezakezu, baina behar duena ematen ez badiozu, kalte egingo diozu. Lanerako txakurra da, ez etxean egoteko.
J. E.: Hori ezin zaio kendu; bere sena hiltzen baduzu, zoratu egiten da. Aktibitatea behar du. Usaimen lana da txakurrak gehien nekatzen dituena. Jabe askok ez daki hori eta dakienak maiz ez du egiten.
A. L.: Kontzientzia hartzea beharrezkoa da, daukazuna zer den jabetzea. Kalean askotan ikusten duzu jabeek ez dietela jaramonik egiten, sakelakoari begira doaz...