MASKOTAK

Maskotazaleak dira lasarteoriatarrak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 27a, 12:33

Etxeko animaliak izan ditu aztergai Saretzen egitasmoaren laugarren kolpeak. TXINXTARRI-ko lantaldeak Lasarte-Oriako etxe abereen zenbait jaberen lekukotzak bildu ditu

OLASAGASTI-BALERDI FAMILIA

Afrikar jatorriko maitasunaren bi txori, bi agaporni ditu etxean Olasagasti-Balerdi sendiak. Ohikoa da espezie horretako txoriek kolore biziko lumadi koloretsua izatea, eta isats motzekoak zein moko handikoak izatea. 

Bi hegaztietatik lehena, 2015. urtean hartu zuten etxean. Haren dotorezia kontuan hartuta erabaki zuten Beauty izena jartzea; emea da. Luis Mari eta Conchi gurasoak ez zeuden etxean txoria izatearen erabat alde, baina Jon eta Iñaki semeek euren nahiari eutsi eta beraiek erosi eta zaintzearen konpromisoa hartuta ekarri zuten etxera. 

Bost urte geroago, 2020an, laguntxo bat ekarri zioten: Ari, agaporni arra. Beauty-k ez bezala, urdin, zuri eta gris koloreko lumak ditu horrek. Kaiolatik kanpo ere, ibiltzen dira biak, etxean barrena: "Orain ohituta gaude, baina horiek etxean libre, gure artean ikustea berezia eta polita da". 

Jonek adierazi du "maitagarriak" direla, elkar musukatzen dutela, eta kaiolatik kanpo daudenean, buru gainean jartzen direla, eta besoan lo ere geratzen direla. 

Iñakik, berriz, kontatu du animaliak oso gustuko dituela, eta etxeko hegaztiekin lotura erraz egin duela; pentsa zenbaterainokoa, ezen Beauty-k berarekin lo egin baitu. Egunero ateratzen ditu kaiolatik, eta bakoitzari urez betetako edalontzi bana jartzen dio, bertan bainutxo bat har dezaten. 

Janaria eta ura jartzeaz arduratzen dena Luis Mari da, eta 1.50metroko kaiolaren garbiketa ere berak egiten du: "Beraien kantuekin bizitza alaitzen digute, nahiz eta, batzuetan, telebistaren edo bestelako etxeko soinuekin batera, gehiegizkoa izan daitekeen. Erretiratua naiz, eta konpainia egiten didate". Berak ere, txorien antzera txistu jotzen duenean, sorbalda gainera joaten zaizkio, eta ezpainetara ere urreratzen zaizkie, kantu hori egiten ari den txoriaren bila ariko balira bezala. 

Conchik ere behar dutena badutela zaintzen du. Kaiolatik ateratzeaz ere arduratzen da eta berarekin izaten ditu. Kontatu du, gainera, pipak eta mijoa oso gustuko dutela. 

Honako adierazpenok ere egin ditu: "Kaiolatik kanpo daudenean, ezin da bistan paperik egon, izan ere, batez ere Beauty-k habia egiteko duen senarekin sukalde osoa bete baitezake paper pusketez. Harrigarria da nola mozten dituen ". 

Orain, gainera, denboraldi baterako etxean katu bat ere badute, eta kontatu dute hor egoten direla txoriak katuari eta katua txoriei begira, bakoitzaren mugimenduak neurtzen. 

ITURBE-LARRAÑAGA FAMILIA

 

"Gure 7 urteko alaba Lidek aspaldidanik nahi du txakur bat etxean; animaliak izugarri gustatzen zaizkio eta horrekin saiatu izan da denbora luzez. Gurasook, ordea, ez gaude animaliak etxean edukitzearen erabat alde. Animaliak gustuko ditugu, baina etxe txiki batean horiek edukitzea ez zaigu ongi iruditzen. Lideri beti ezezkoa eman diogu, eta txakurraren aukera bazter utzita, katuarekin saiatu zen. Guk, ordea, horri ere ezezkoa eman izan diogu. Horrelako animalia bat etxean edukitzea ardura handia iruditzen zaigu. 

Orain dela bi urte, herriko festetan, tonbolan, arrain bat egokitu zitzaidan, eta etxera ekarri genuen. Lide poz-pozik. Hori, ordea, jada ez dago gurekin. Sekulako drama sortu zuen haren heriotzak etxean, izan ere, maitasun handia genion. Bere falta sumatu genuen, adibidez, gauetan, egongelan arrainak egiten duen soinua entzuteari utzi genionean. Gauzak horrela, beste bat erostea erabaki genuen; Kinder Bueno du izena, eta bera da orain gure etxeko laugarren kidea. 

Berekiko (lehenengoarekiko bezainbeste) maitasun handia sentitzen dugu. Ezin daiteke txakur edo katu batekin sor daitekeen harremanarekin alderatu, baina gure etxeko laugarren kidea da eta asko-asko maite dugu. 

Zaintzari dagokionez, ardura bat da. Egunero eman behar zaio afaltzen, eta ura astero aldatu behar zaio. Iturriko uretan bizi da, baina ur hori, arraina bertan sartu aurretik, bost edo sei orduz eduki behar da oxigenatzen.

Oporretara joateko ere zaintzaile bat bilatu behar izaten dugu, ezin baitugu denbora luzez arraina etxean bakarrik utzi. Aurtengo oporraldian, adibidez, hogei egunez ibili gara etxetik kanpo, eta gure lagun Iratik zaindu digu arraina. Iazkoan, berriz, amonak. Horrela ibili behar gara, alde horretatik ere ardura bat eskatzen du. 

Lidek jarraitzen du katuaren edo txakurraren saiakeran, baina, momentuz honekin geratuko gara. Animaliak asko gustatzen zaizkigu, baina, gure ustez, horiek aske ibili behar dira. Ez pentsa, arraina arrainontzian edukitzeak ere sortzen digu barren kezka".

CALVO-LASAOSA FAMILIA

Amaia Lasaosak kontatu dio TXINTXARRI-ri zer-nolakoa zen Txuki izeneko katuarekin duten bizitza. "Ander eta biok elkarrekin bizitzera joan ginenean argi genuen animalia bat nahi nuela etxean. Ez ginen ados jartzen hasieran, nik nahiago nuen txakur bat eta berak horrenbeste lotuko ez gintuen beste maskota bat. Azkenean, katua ekartzea erabaki genuen, asteburuetan-eta kanpora goazenean lasai-lasai geratzen delako etxean, horretarako nahikoa ur eta janari jartzen badiogu".

Calvo-Lasaosa familiak, gainera, euren bizilagunen edota Amaiaren nahiz Anderren gurasoen laguntza izaten du katua zaintzeko. "Gu oporretara bagoaz, adibidez, bizilagunek zein gurasoek gustura egiten dute zaintza lan hori eta Txuki-k, egia esan, asko eskertzen du, baduelako norekin egon eta jolastu. Batzuetan, gainera, bisita bikoitza izaten du!".

AXIER ARTEAGA

"Ez zait gustatzen animaliak toki itxietan izatea eta etxeko belazera ateratzeko barrutik pasa behar denez ezinbestean, untxia ekarri nuen txakurraren ordez, adibidez. Konpainia egiteko oso aproposa zela pentsatu nuen, eta, egia esan, uste dut asmatu dudala. Ez dakit untxi hau berezia ote den ala zer, baina goizero-goizero zain izaten dut atean baita familiarekin kanpoaldean bazkaltzen dugunetan ere. Oso sinpatikoa dela esango nuke".

ASIER SAGASTI

"Bikoteak eta biok argi geneukan elkarrekin bizitzera joaten ginenean txakurra ekarri nahi genuela, betidanik gustuko izan ditugu eta aukera polita iruditu zitzaigun. Aldaketak sumatu ditugu, baina oso azkar ohitu gara. Egunero hainbat alditan atera behar izatea izan da aldaketa handiena. Edozein plan, opor, egun pasa... antolatzeko baldintzatzen gaitu, ez baititugu erreztasun asko aurkitzen bizitza bere osotasunean txakurrarekin partekatzeko. Hala ere, asmatu dugula uste dugu eta gure familiako ezinbesteko kide bihurtu da".