Gazte Kluban eta Kuadrillategin izena eman dezakete herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 26a, 16:22

Gazte Kluban izena emateko eskuorria.

Ttakun Kultur Elkarteak martxan jarriko ditu Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean aurrera eramaten dituen aisia egitasmoetako batzuk, alor horretan ere euskararen erabilera bultzatzeko. Gazte Kluba da horietako bat, LH3 eta LH6 ikasmaila arteko haurrentzat bideratutakoa. Izena emateko azken eguna urriaren 2a da, asteazkena, eta bi egun geroago aurrera eramango dute aurreneko saioa, 17:30etik 19:30era. Ostiralero elkartuko dira partaideak ordu tarte horretan. Programa doakoa da eta ikasturtean zehar irteera berezi batzuk ere egingo dituzte.

Kuadrillategi, berriz, DBH 1 eta DBH 4 ikasmaila arteko gaztetxoentzat zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna hilaren 30a da, astelehena. Parte hartzen dutenak ere ostiraletan elkartuko dira, bi orduz. Gazte Kluba egitasmokoek bezala, kurtsoan zehar ekimen berezi zenbait egingo dituzte.

Kuadrillategin izena emateko eskuorria.