MASKOTAK

15 urtetik beherako gaztetxo eta txakur kopurua, ia-ia parean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 27a, 10:00

Lasarte-Orian 2.221 txakur daude erregistratuta.

Maskota edo konpainia animaliei etxe abere ere deitzen diegu, gero eta ohikoagoa delako gure bizitokietan txakur, katu, txori, arrain eta bestelakoekin elkarbizitzea, familiako beste kide bat edo batzuk izateraino. Izaki horiengan jarri du fokua Saretzen egitasmoaren bosgarren kolpeak (aurreko lauak demografia, immigrazioa, eguraldia eta banketxeak izan dira). Proiektu hori EiTB komunikazio taldeak eta Tokikom tokiko hedabideen bateraguneak aurrera eramaten dute, eta, TXINTXARRI azken eragile horretako kide izanik, aipatu gai hori Lasarte-Oriara ekarri du datu eta estatistika, testigantza eta elkarrizketa bidez.

Lasarteoriatarrek etxeetan dituzten maskota ohikoenak, gainerakoekin alde nabarmenez gainera, txakurrak eta katuak dira: 2.221 eta 289 erregistratuta daude udalerrian, hurrenez hurren. Bestelako animalia batzuk ere badaudela agerikoa da: arrain, txori eta untxi banaren jabeen lekukotzak jasotzera iritsi da aldizkariko lantaldea.

Hori horrela izanik, erreportajera ekarri dituen zifra eta estatistika guztiek barnebiltzen dituzte txakurrak eta katuak. Horren harira, badaude datu esanguratsu batzuk, esate baterako, 15 urtetik beherako pertsona ia adina txakur bizi direla udalerrian: 2.659 dira gaztetxoak eta 2.221 txakurrak. Haurren eta txakurren proportzioarekin antzeko zerbait gertatzen da, izan ere, gure herrian 8,4 daude hamar umeko.

Saretzen egitasmoaren bidez jasotako datuen arabera 19.504 pertsona bizi dira herrian. Proportzioan zenbat txakur eta katu dauden jakiteko, ariketa hipotetiko hau egin du: udalerrian ehun pertsona biziko balira, 11 txakur eta bi katu leudeke.

Bestalde, hamar biztanleko 1,14 txakur daude eta familien ia %18 bizi dira batekin edo gehiagorekin euren etxeetan. Horrez gain, hamar biztanleko 1,14 txakur daude eta familien ia %18k bizi dira batekin edo gehiagorekin euren etxeetan.

Azkenik, hamar txakurretik zazpi pasatxo (%75,5) konpainia animaliak dira, hamarretik ia bi (%19,3) ehiza lanetarako erabiltzen dituzte eta gainerako %5 zaindari-artzainak dira.