ESKUTITZA

Tranpa txikiak

Iñigo Otaegi Beldarrain 2024ko ira. 27a, 12:00

Hamalau urte inguru genituen, eta asteburuetan Mitxelingo kirol instalazioetan egoteko ohitura, harrerako langileek argiak itzali eta mutur okerrarekin bertatik bidaltzen gintuzten arte. Ostadarreko gizonezkoen lehen taldeak jokatzen zuen egunetan jende asko gerturatzen zen, eta klubak, otar bat zozketatzeko erabiltzen zuen aukera. Gu izaten ginen boletoak saltzen ibiltzen ginenetako batzuk, eta, normalean, 300 inguru saltzen genituen.

Taldean baginen pare bat espabilatu, eta azkar ohartu ginen. Denbora bukatzear zela 299 zenbakidun boletoa salduz gero, lagunei deitzen genien ondorengoak haiek eros zitzaten. Izan ere, bagenekien zozketan ateratako lehen bolatxoa 3 zenbakiduna izanik, otarra irabazteko probabilitatea izugarri handitzen zela. Tranpa txikiak.

Taktika berdinarekin igo dira oholtzara Zatarain auzoan eraikiko diren Babes Ofizialeko 64 etxebizitzen zozketan. Asteartea da, baina gaur ez dugu Championseko mailarik. Hamaikakoan, Agustin Valdivia alkatea, Sukia Eraikuntzak-eko hiru ordezkari eta zozketa ikuskatuko duen notarioa, datorren denboralditik aurrera notaritza utzi eta recogepelotas moduan fitxatuko duten zurrumurruak dauden arren.

Talde horretan, lehenak 20.000 biztanle ordezkatzen ditu, hurrengoek 7 milioi euroko irabaziak izan zituzten iaz, eta, azkenak, ezezagunak zaizkidan zenbait lege ardura edukiko dituela pentsatzen dut. Gaurkoan, ordea, Lasarteko, eta batez ere, inguruko herrietako, gazte askoren etxebizitza eskubidea dago jokoan. Diferentzia txikiak.

Inguruko herrietako gazteak diot, parte hartzaileen artean gehiengoa zirelako. Izan ere, beste herri askotako Babes Ofizialeko etxebizitzen zozketetan ez bezala, ciudad dormitorio bilakatzen ari garen honetan, herritarrok ez genuen lehentasunik. Badirudi etxebizitzak saltzen diren bitartean, berdin diola bizilagun horiek non sozializatuko duten, nora joango diren erosketak egitera, edota herrian edukiko duten inplikazioa. Agian horrela arazo gutxiago emango dituzte. Dena dela, hau beste gai bat izango litzateke, oraindik banatzeko dituzten 32 etxeetan kontuan eduki zezaketen arren…

Zozketara itzuliz, ez dut zalantzan jartzen gauzatzen ari ziren iruzurraz jakitun ez zirenik, baina ez dakit horrek leku hobean uzten dituen. Bertan erakutsitako inkonpetentzia maila sinestezina eta kezkagarria izan baita.

Azkar altxatu zuen ahotsa zalaparta hasi zenean zozketaren gidaritza zeraman eraikuntza enpresako ordezkariak, hamar minutu lehenago aldatu behar izan zuten prozedura notarioak onartzen zuenez legezkoa zela esanaz. Asistentzia ikaragarria notarioaren teilatura. Orain arte gauzatutako zozketa guztiak justuak izan ez zirela ohartu zen momentuan agian? Horrez gain, aspaldi ikasarazi ziguten moduan, legezkoa izateak ez du justizia bermatzen.

Gustatuko litzaidake udal gobernuari esatea huts egin digutela. Baina ez, ez baitzen hori izan aretotik ateratakoan herritarrok partekatutako sentimendua, ezin baitizu huts egin harengandik ezer espero ez duzun hark. Izan ere, zoritxarrez, azaldutakoa ez da egungo udal gobernuaren kudeaketa negargarriaren kasu isolatu bat izan, beste askoren arteko bat baizik.