Urteko bederatzigarren hilabetea kuttuna da beraientzat, joan den urteko irailaren 26an ireki baitzituzten ateak. Lehen urteurrena herritarrekin batera ospatu nahi dute Kairosekoek eta festa eder bat egingo dute hilaren 29an, igandearekin, 13:00etatik aurrera. "Amaiera ordurik ez dugu jarri: indarrak edo janaria eta edaria agortzen zaizkigunean bukatuko dugu". Aurreratu dute edatekoa eskatzen duen bakoitzari pintxo bat emango diotela opari, urdaiazpiko moztaile bat etorriko dela eta giro ona nahiz musika ez direla faltako. Ospakizun horren bidez eskerrak eman nahi dizkiete bezeroei: "Lan asko egiten dugu baina oso-oso gustura ari gara; bezeroek oso hitz politak esaten dizkigute egunero eta horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko. Izugarri eskertuta gaude".
Kairos gauak
Elaia eta Alaznek indar betean lanean jarraitzen dutenaren adibidea da azarotik aurrera martxan jarriko duten proiektua: Kairos gauak. Xehetasun gehiago emango dituzte 29ko festan, baina jakinarazi dute afariak emango dituztela hilabetero, behin edo bitan, gau horietarako propio prestatutako karta berezi batekin: "Balioan jarri nahi dugu gure sukaldean egiten duguna".
Kairos gauak irekiak izango badira ere, Elaiak eta Alaznek herritarrei gomendatu diete aurrez tokia erreserbatzea. Informazio gehiago emango dute Instagram bidez eta baita euren lokalean, Kalbario bideko 1. zenbakian. Horri lotuta, urtebete ospatzeko festan azaroko lehen afari berezi horretarako bi txartel zozkatuko dituzte.