Kairos hitza grekeratik dator eta "une egokiena" esan nahi du, zerbait garrantzitsua gertatzen den momentua. Horrelako zerbait bizitu nahi dutenek aukera paregabea dute Kairosen, lokalagatik beragatik hasita, Elaia eta Alazneren jardunaren esentziaren osagaiak dituelako: goxotasuna eta gertutasuna. Euren negozioari horrela deitzea ez da kasualitatea. Beste guztia ere ez. Izan ere, duela urte askotatik ametsa zena errealitate bihurtu dute, proiektuaren ñabardura txikiena ere ezin hobeto zainduta.
Dena, etxean egindakoa
Kairosen bizitako uneak garrantzitsu bilakatzen dituzte, besteak beste, kartako jaki eta edariek. "Den-dena etxean egiten dugu", azpimarratu dute jabeek. Tarta, tostada, kafe edota irabiakiak dira gutizietako batzuk. Aukera begetariano, begano eta glutenik gabekoak ere badituzte. "Bezeroak gurekin hitz egitera animatzen ditugu, galdetzera, behar dutenaren arabera ia karta osoa moldatu dezakegu".
Irailaren 26an ekin zioten proiektuari eta "oso pozik" daude izandako harrerarekin, "adin tarte guztietako lasarteoriatarrak" ez ezik inguruko herri ugaritakoak ere joaten direlako. Ilusioa eta lanerako gogorikez zaie falta, eta ideia berritzailerik ere ez. Abentura hasi besterik ez da egin.