ESKUALDEA

Gaur sartuko dira indarrean eskualdeko parrokietako meza eta hiletetako ordutegi berriak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 15a, 09:00

Eskualdeko parrokietan ordutegi aldaketak egingo dituztela jakinarazi dute Andatzazpiko kristau elkarteetako kideek eta igande honetan sartuko direla indarrean, hilak 15. "Duela bederatzi urtetatik bi parroko izan ditugu, Ibon Alberdi eta Juan Luis Murua, Andatzazpi Pastoral Barrutiko elkarteen buru eta zerbitzari izan direnak. Uda honetan jakin dugu Ibonek ezin izango duela gurekin jarraitu, Gotzaindegiak erabaki duelako beharrezkoa dela bere egoera aldatzea. Hortaz, Juan Luis izango da lau eliza horietako parrokoa", azaldu dute. 

Gauzak horrela, San Pedron larunbatetan egingo dituzte mezak, 19:00etan. Igandeetan, berriz, 10:00etan San Frantziskon (Aginaga), 11:30ean Salbatoren (Usurbil), 12:30ean San Pedron (gaztelaniaz soilik) eta Arantzazuko Ama Birjinan (hilean behin eukaristia egingo dute, eta, besteetan, apaizik gabeko ospakizunak). Bestalde, astelehenetatik igandeetara, 11:00etan, Ama Brigitarren komentuan eukaristia ospatzen segiko dute. Felix Garitanok jarraituko du kapilaua izaten.

Hiltzen diren pertsonen aldeko elizkizunak astean bi egunetan egingo dituzte udalerri bakoitzean. Arantzazuko Amakoak astelehenetan egingo dituzte, 18:00etan; San Pedrokoak, ostiraletan, 19:30ean. Usurbil-Aginagan, berriz, astelehenetan izango dira Salbatorekoak, 19:30ean, eta ostegunetan Salbatoren edo San Frantziskon, 19:30ean. Beilatokian edo hilerrian oroitza batekin hildakoak agurtu nahi dituzten familiak parrokiekin jarri ahalko dira kontaktuan, 639 02 88 61 telefono zenbakiaren bidez, baita edozein zalantza argitu nahi dutenak ere.

Kristau elkarteetako kideek adierazi dute "berria" dela egoera eta "egokituz" joan beharko dutela guztiek, "kristau elkarteari ahal den arreta eta zerbitzu onena emateko".