Haurrak ahalik eta hiztun osatuenak izateko helburuari eutsiko dio Lasarte-Oriak abiatu berri den ikasturte berri honetan ere GurasoLeku programari esker. Herriko zenbait eragilek elkarlanean aurrera eramaten duten ekimena da, eta lantalde horren ordezkaritza bat Okendo plazan batu da berriki, egitasmoa aurkeztu eta martxan jartzeko.
Hiru adar ditu GurasoLekuk: GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia, eta oso errotuta dago herrian Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak, eragile ezberdinekin batera, 2015-2016 ikasturtean abian jarri zuenetik, Hainbat eragilerekin elkarlanean abiatu zuen proiektua; gaur-gaurkoz, hauek osatzen dute lantaldea: Sasoeta-Zumaburu eskola, Landaberri ikastola, Andrejoakinaenea haurreskola, Burunzpe Guraso Elkartea, Landaberri Guraso Elkartea, Muntteri AEK euskaltegia, Ttakun Kultur Elkartea eta Euskara Zerbitzua.
Izen ematea martxan
Aipatu egitasmoan parte hartzeko izen ematea ezinbesteko baldintza da; horretarako azken eguna hilaren 30a izango dela ohartarazi dute arduradunek. Ikastetxeek ikasturte hasierako guraso bileretan emango diete gurasoei egitasmoaren berri, eta inskripzioak, urtero bezala, zentroen bitartez aurrera eramango dira; programan aritu nahi duten gurasoek eskuorriak jasoko dituzte eta horiek euren datuekin bete beharko dituzte. Hori eginda, berriz ere ikastetxetan entregatu beharko dituzte.
Programaren gaineko informazio gehiago behar duenak, edota izen emate orriak eskuratu nahi dituenak udaleko Euskara Zerbitzura jo dezake, baita Ttakun Kultur Elkartera ere.