Tolosan egin zenuten 'Sendagai' lanaren "aurkezpen ofiziala" hilaren 15ean. Zer moduz joan zen kontzertua?
Julen Basterra: Oso ongi. Kulturgileak asko zaintzen dituen toki batean jo genuen, 3 Tabernan. Aukera polita izan zen eta sentsazio onekin bukatu nuen.
Iban Nikolai: Ni ere gustura geratu nintzen, egia esan. Gertuko emanaldia izan zen. Aurkezpen ofiziala beharrean, "desofiziala" izan zela esango nuke. Guregandik gertu dagoen jendearentzat festatxo bat egin genuen, orain arte eman diguten laguntza eskertzeko. Kaleratu berri dugu diskoa eta denborarik apenas izan dugu entzuleei erakusteko. Areto handiagoetan jo nahi dugu urritik aurrera, lekuak begiratzen ari gara. Aurkezpen "ofiziala" horrelako toki batean egin nahi dugu. Aproposa izan daiteke, adibidez, Hendaian dagoen Borderline Fabrika.
Tolosakoaz gain beste bost kontzertu eman dituzue. Horiekin ere gustura geratu zarete?
J.B.: Orain arteko sentsazio onenak Jalgin eman genuen kontzertuan izan ditugu. Gogoratzen naiz esan zenuenaz, Iban: "Loratu da diskoa". Kontestu desberdinetan jo dugu orain arte; naturan, gehienbat. Araban, Nafarroan eta Kantabrian izan gara.
I.N.: Jalgiko emanaldiak balio izan digu bidea zein den ikusteko: tokia itxia zen eta soinua oso ona. Gainerako emanaldietan, egia esan, zapore gazi-gozoarekin geratu naiz. Emanaldi hauek horretarako dira, egin duguna mahai gainean jarri eta jarraitu nahi dugun norabidea aurkitzeko.
J.B.: Gainera, egiten duguna zuzeneko emanaldietan defendatzea ez da erraza: gitarra klasikoa eta didjeridua uztartzen ditugu.
I.N.: Kontzertu biribila ez dugu oraindik jo. Norabide horretan, konfiantza hartzen ari gara pixkanaka-pixkanaka. Ongi pasatzeko elkartu gara eta horretan jarraitu behar dugu.
J.B.: Jendaurrean jotzen dugula ahaztu gabe, beraien espektatibak betetzeak ez gaitu itsutu behar. Galbidea iruditzen zait hori.
"Kontzertu biribila ez dugu oraindik jo. Konfiantza hartzen ari gara pixkanaka-pixkanaka"
Hasierako urratsak egiten ari zarete oraindik, beraz. Eta nolakoak izan ziren hasiera horren hastapenak, Julen eta Iban? Noiz eta nola ezagutu zenuten elkar?
J.B.: Marruma Kulturalak egitasmoaren bitartez ezagutu nuen Iban. Iazko apirilean gonbidatu ninduten beraiek aurrera eramaten duten podcastera eta nora nindoan jakiteko, Ibanekin grabatu zuten kapitulua entzun nuen, 2022ko azarokoa; arreta deitu zidan. Didjeridu bat nuen etxean hautsa hartzen eta berarekin ikasten hastea erabaki nuen, eskolak ematen dituelako. Hilabete batzuk geroago, musikaren alorrean bikote izaten bukatu dugu.
I.N.: Hasieratik konektatu dugu, musikalki eta pertsonalki. Ezer planteatu gabe ekin genion lanari eta berehala ikusi genuen erraza zela bion arteko dinamika, harreman polita sortu dugu. Hori iruditzen zait garrantzitsuena proiektu bati ekiteko: erlazio ona izanda, beste guztia atzetik etortzen da.
Gitarra klasikoa eta didjeridua. Ez da oso ohikoa bi instrumentu horiek uztartzen dituen proiektu bat martxan jartzea, ezta?
I.N.: Instrumentu horiekin konexio berezia dugu, baita naturarekin nahiz osasunarekin ere.
J.B.: Horri buruz hitz egin nahi nuen. Sustraia, jatorria da didjeridua: entzuten duzunean bibratu egiten du gorputzak. Gitarra, berriz, sentimendu horren nostalgia da. Bi instrumentuak uztartzeak oso ongi adierazten du gaur egungo egoera zein den: naturarekin harremana galdu duen gizarte bat, deskonektatu egin dena. Lotura hori berreskuratzea da gure norabidea.
Gizakiak lotura galdu du naturarekin; konexio hori berreskuratzea da gure norabidea"
Horregatik jarri diozue 'Sendagai' izena zuen lehenengo diskoari?
I.N.: Ez edozeinek, baina, oro har, soinuak sendatu egiten du, hasiera-hasieratik. Intentzio horrekin egin dugu diskoa. Egia da batzuetan pentsatzen dudala zertxobait handiustekoa izan daitekeela hori: 'Sendatzera gatoz'.
J.B.: Bai, baina tira, hori da musikaren jatorrizko esanahia. Ez gara ezer asmatzen ari, ez gara flipatzen ari. Gure nahia da erabilera medizinal hori berreskuratzea egiten ditugun kantuen bitartez, entzuleak eta gu geu sendatzeko. Hori da asmoa.
I.N.: Oso argi dugu gure osasuna ez dugula besteen eskuetan uzten, baizik eta guk geuk lantzen dugula. Aktiboak gara zentzu horretan, ez pasiboak. Izan ere, gure artean ez badugu elkar sendatzen, nork egingo du?
Lurhats izena nondik dator?
I.N.: Ebraieratik datorren hitz batek arreta deitu zidan: ruach. Hatsa, arnasa esan nahi du. Kasualitatez edo kausalitatez, euskaraz esanahi bera du hats hitzak eta Juleni komentatu nion. Euskaratu egin genuen terminoa eta lurhats atera zitzaigun, lurraren hatsa. Hori da gizarteak behar duena.
J.B.: Pila bat gustatu zitzaidan lurhats hitza, indar handia du. Horrez gain, gizakia hori bera da, hatsa duen lurreko izaki bat; ezin dugu ahaztu bertatik datorrela. Gure musikaren bidez adierazi nahi dugu bertara itzuli behar dugula, gure benetako izaerara.
Kaleratu duzuen diskoa kontzeptuala da ala zortzi abestietako bakoitzak istorio bana kontatzen du?
J.B.: Kontzeptuala dela esango nuke. Aurreneko bi abestiekin aurkezten dugu Lurhats zer den; erdiko lauekin, gatazka bat planteatzen dugu; eta azkeneko biak konflikto horren konponbidea dira, naturara baikortasunez eta integratuta itzul gaitezen.
I.N.: Abesti guztiek ildo komun bat duten arren, egia da horietako bakoitza independentea dela.
J.B.: Lan oso esperimentala da. Mundu bat da abesti bakoitza baina istorio koherente bat osatzen dute guztiek.
Musikarekin bakarrik ez, hizkuntzarekin ere jolastu duzue zenbait abestitan. Adibidez, 'Amets Senti'-n eta 'Orainlaria'-n.
J.B.: Hitz jokoak egin ditugu bi kantu horietan. Amets Senti batekin hasten dugu eguna, bizi nahi dugun mundua, bakoitzak amesten duenaren ilusioarekin. Orainlaria-n, berriz, adierazi nahi dugu oraina dela bizi dezakegun unea, ameslariak izanda ere.
I.N.: Sendatzeko prozesuaren parte da ikasgai hori: gizakiak asmatutako zerbait da denbora, existitzen ez dena; fikzio bat. Iraganik ez dago, etorkizunik ere ez; oraina besterik ez.
Sendatzekoaz gain, hausnartzeko ariketa ere proposatzen duzue 'Sendagai'-rekin?
I.N.: Hori da. Hausnartzeko eta kontzientzia hartzeko diskoa da.
J.B.: Horregatik dituzte hitzak abestiek. Orain arte lan instrumentalak egin izan ditugu bakarka.
Diskoa egiteko prozesua nolakoa izan da?
J.B.: Abestiak, gehienbat, herriko Gaztelekuan konposatu genituen iazko irailetik azarora. Ondoren, Oiartzungo Lezoti estudioan aritu ginen Gorka Irastorzaren gidaritzapean, maiatzera arte.
I.N.: Estudioan bi astetan egin behar genuena zenbait hilabetean ondu dugu azkenean. Horrek aukera eman digu patxadaz lan egiteko, opari handi bat izan da guretzat.
J.B.: Sekulako oparia izan da, bai. Abestiak ongi gorpuztu, diskora kolaboratzaileak [Ivan Gulin, Joseba Loinaz eta Fatimetu] ekarri, abestiei buelta batzuk eman eta soinuekin gehiago esperimentatu ahal izan dugu. Horrez gain, ahotsa sakonki lantzeko astia ere izan dut hilabeteotan.
I.N.: Pazientzia izan dugu ariketa esperimentala egiteko. Gure sendagaia izan da gauzak lasai eta presarik gabe hartzea. Hala ere, aldi berean, gure buruek martxan jarraitzen dute beti, lanean...
J.B.: Etorkizuneko oraina ona izan dadin, gaur bertan egin behar dugu lan.
"Diskoa estudioan patxadaz landu ahal izatea opari handi bat izan da guretzat"
Nola irudikatzen duzue "etorkizuneko orain" hori?
I.N.: Ni, behintzat, bigarren diskoan pentsatzen ari naiz.
J.B.: Nik ere badut ideia hori buruan, Iban! Horretarako, sortzen jarraitu behar dugu.
I.N.: Hazia izan da lehenengo lan hau eta gauza gehiago ekarriko ditu. Hitz egiteke dugu zein norabide hartuko dugun. Batetik, gure ikuskizuna dugu, bikotearena; bestetik, Monkyman DJarekin [Josu Buldain] batera gauza berriak sortzen ari gara. Momentuz bi alor horiek lantzen ari gara. Iruditzen zait proiektu ireki bat dela gurea, gauza bizi bat. Sare polit bat sortzen ari gara, jendea gero eta gehiago konekta dadin gure musikarekin: osasuna izango da hori. Gaur egungo gizarte ereduak sustatzen duenaren justu kontrakoa egiten ari gara.
Iban, noiz eta nolatan hasi zinen didjeridua jotzen?
I.N.: Euskal Herrian ezohiko instrumentua da. Haizezkoa da, mota horretako lehenengoetarikoa, termitek naturalki hustutako eukalipto enborretan jatorria duena. 27 urte daramatzat jotzen eta hogei bat eskolak ematen. Zazpi bakarkako disko kaleratu ditut eta talde dezenterekin kolaboratu dut.
Jamiroquai taldea entzun bitartean konexio berezia sentitu nuen didjeriduarekin. Londresera joan nintzen arreba bisitatzera eta kontzertu batean, instrumentua ikusi nuenean, pentsatu nuen: 'Hau gustatzen zait'. Urtebetetzeetarako banbuzko bat oparitu zidaten eta orduan hasi nintzen jotzeko teknika ikasten: arnasketa zirkularra, eta abar. Ondoren, Australiara joan nintzen, jatorriaren berri izatera. Mundu osoan ibili naiz jotzen eta irakasten; opari bat da.
Jalgiko kontzertuan didjeridu bat baino gehiago erabili zenuen. Guztiak ez dira berdinak?
I.N.: Normalean 1,20-1,50 metro artean neurtzen dute, baina bi eta hiru metrora artekoak ere badaude. Jatorrizko didjeriduak nota bakarra ematen du eta hortik abiatuta soinu gehiago sor ditzakezu. Badago beste mota bat, didjeribone izenekoa, teleskopikoa dena eta nota bat baino gehiago ematen duena.
Nota bakarra eman ohi dutelako, didjeriduek ederki ezkontzen dute instrumentu melodikoekin; gitarra klasikoarekin, adibidez. Horrelako harreman musikalak eta fisikoak sortzen jarraitu behar dugu.
Julen, kontatu duzunean Iban nola ezagutu zenuen, aipatu duzu didjeridu bat zenuela etxean, hautsa pilatzen. Nolatan iritsi zen instrumentu hori zure etxera?
J.B.: Esango nuke izan nuela didjeriduaren nire dei propioa: musikaren bidez naturarekin konektatzeko beharra sentitu nuen. Erakarri ninduen instrumentu horren soinuak; gitarra ez zen nahikoa. Azken hori polita eta berezia da, baina oso nostalgikoa ere bai. Niretzat, didjeriduak jatorria eta sustraia irudikatzen ditu eta hori jotzen ikasteko erronka jarri nion nire buruari, Ibanekin eskoletara joanda. Oraindik ez dut ikasi, baina, gutxienez, nire sormen lanean txertatu ahal izan dut. Opari bat izan da horrenbeste urte daramatzan musikari batekin elkartu eta esperimentatzen hastea. Oraindik oso gutxi esploratu dugu.
I.N.: Niretzat ere opari bat izan da, bai.
J.B.: Lortuko dut noizbait didjeridua jotzea!
I.N.: Bada nik gitarra jotzea, ez dut uste. Asko kostatzen zait instrumentu berriekin hastea; barruraino sartu zitzaidan didjeridua. Esaldi polit batek dio guk ez ditugula instrumentuak aukeratzen, haiek hautatzen gaituztela gu. Horri lotuta, Lurhatsen ardatza gitarra klasikoa eta didjeridua badira ere, beste tresna batzuk ekarri ditugu diskora: pianoa, biolontxeloa, danborra, flauta...
"Guk ez ditugu instrumentuak aukeratzen, haiek hautatzen gaituzte gu"
Diskoa eskuratu nahi duenak non eros dezake?
J.B.: Salgai dago eta interesa duena gurekin harremanetan jar daiteke @lurhats Instagram kontura edota nikodidge@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
I.N.: Amaitzeko, nabarmendu nahi dut gustatuko litzaigukeela zigilu edo ekoiztetxeren batekin harremanetan jartzea. Laguntza behar dugu proiektua mugitzeko.