Gaur goizean landatu duten limoiondoa hazten denean, ospatu duten festa koloretsua oroitu bitartean egingo dute topa Atsobakarren, bertatik hartutako limoien zuku goxoa edaten dutenean. Izena eta guzti jarri diote landareari, "Isidoraren limoiondoa". A ze martxa duena emakumeak! Berak, beste egoiliar batzuek eta haurrek bota dute lurra lorontzira, zuhaitza sendo haz dadin.
Limoiondoa ez da izan gaurko ospakizunean landatu duten gauza bakarra. Erein dituzte baita ere balore eta esparru ugari, hala nola, errespetua, adiskidetasuna, belaunaldien arteko harremana, adineko pertsonekiko begirunea, euskara, kultura, natura, feminismoa... Hori guztia, nola ez, gogotik abestu eta dantzatu bitartean.
Kolore festa ederra
Gaur Uztailak 24 kolore festa ederra izan da Atsobakar Adinekoen Egoitzan. Ttakunek antolatzen dituen Udako Txokoetako haurren bisita jaso dute bertako egoiliar eta langileek, Eguneko Zentroko lagunek eta Nagusilan elkarteko boluntarioek. Porrotx pailazoak, Bizipoza Elkartearen eskutik, limoiondo landarea eraman du oparitan, denek elkarrekin euskaraz kantari eta dantzan batera landatu dutena. Horretarako, esan bezala, Txapasen laguntza ere izan dute. Xumela koruko zuzendari zarauztarrak bere eskusoinuarekin alaitu ditu Atsobakarreko txokoak eta egoiliarren bihotzak.
Bai adinekoek, bai haurrek euren koloretako ametsak margotu dituzte harritxoetan eta arbolarekin batera landatu dituzte. Gaurko festarekin Ttakunek, Bizipoza Elkarteak, herriko pailazoek eta Atsobakarreko Egoitzako langikeek eta bizilagunek denona eta denontzat den Lasarte-Oria amestu eta margotu dute, poz-pozik. Elkartuta pailazo, haur, heldu eta zahar, aupa Lasarte-Oria eta gora Atsobakar!