2022ko Kontu Orokorrak eta Lasarte-Oriako Udalean aldi baterako kontratazioak egitearekin zerikusia izan duten bi puntu onartu dituzte: batetik, Elkartu Pertsona Ezinduen Federazio Koordinatzailearen alegazio bat; eta, bestetik, kontratazio horiek kudeatzeko poltsen araudiaren lehen aldaketa.
Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiak ireki du galdera eta erreguen txanda. Bozeramaile Miguel Angel Tolosak alkateari galdetu dio ea zergatik ez dituen ekarri udal gobernuak azken asteetan egindako bilkuren aktak. Valdiviak erantzun dio prest dituztenean eramango dituztela plenora.
EH Bilduk zenbait gai mahaigaineratu ditu. Horietako bat, udalaren jabetzakoak diren Zabaleta auzoko etxebizitzen gaineko hitzarmena noiz izenpetuko duten Alokabiderekin. Valdiviak jakinarazi die bildu egin zela hilaren 2an sozietate publiko horretako arduradun Igor Etxaberekin. Besteak beste, adostu zuten akordioa irailean sinatzea eta ondoren jartze alokairuan bizitoki horiek.
Indarkeria matxistaren aurkako jaietako protokoloari buruz eztabaidatu dute ondoren Uxue Loinaz zinegotziak eta alkateak berak. EH Bilduren ordezkari horrek adierazi duenez sanpedroetan ez zituzten jarraitu iazko protokoloan jasotako –aurtengoa onestera ez dira iritsi Lasarte-Oriako Berdintasun Kontseiluko kideak; mugimendu feministak ez zuen proposamenarekin bat egin, joan den urtekoa baino "atzerakoiagoa" zela iritzita– urrats denak bete, egun horietan jazotako erasoen aurrean: "Batzorde informatiboa deitu, mugimendu feministarekin koordinatu, salatu... Zergatik ez duzue horrela egin?". Valdiviak erantzun dio jarraibide horiek "zehatz-mehatz" jarraitu dituztela eta herriko mugimendu feministarekin koordinatutzat eman dutela afera, udal gobernuko kide den Nuria Fernandez Berdintasun kontseilu horretako kidea delako. Loinazek jakinarazi du informea eskatuko dutela protokoloaren aplikazioari buruzko xehetasun denak izateko.
Kirola eta osasungintza
Kirolari buruzko pare bat galdera egin ditu ostean EH Bilduko zinegotzi Oihan Agirretxek: elkarteentzako aurtengo dirulaguntzak noiz aurkeztuko dituen udal gobernuak eta hurrengo Kirol batzordea noiz deituko duen departamentu horretako buru Goizalde Pildain jeltzaleak. Zinegotzi horrek hartu du hitza, erantzuteko: "Aurtengo dirulaguntzak hilabetea amaitu aurretik ateratzea espero dugu; teknikoki amaituta daude. Bestalde, abuztu amaieran hasiko da lanean Maialen Chourraut kiroldegiko kudeatzaile berria eta orduan egingo dugu hurrengo batzordea".
Azkenik, osasungintzari buruz hitz egin dute udal korporazioko kideek, EH Bilduko zinegotzi Sandra Barkaiztegik horri buruz galdetu baitu. Horren aurretik, dena den, Lasarte-Oria eremu tentsionatu izendatzeari buruzko aukeraz galdegin dio udal gobernuari. Alkateak hartu du hitza eta jakinarazi du Ikertalde enpresa kontratatu dutela udalerriaren egoera azter dezan: analisia, plana eta memoria egingo ditu, hiru zatiko txosten bat. Memoria falta dela esan du eta espero duela hilabete amaitu aurretik egingo duela Ikertaldek.
Osasungintzaren alorrean, Valdivia eta herriko osasun zentroko zuzendari Amaia Gonzalez berriki bildu dira Donostialdeko ESIko arduradun Eider Uzkudunekin. Gauza askori buruz aritu zirela gogoratu du alkateak eta honela laburtu du landutakoa: "EPE bat deituko dute abendua baino lehen gure herriko osasun zentroan hutsik dauden sei kupoetatik lau betetzeko; pazienteen erreferentziazko pertsonak erizainak izango direla, hori dela sistemaren bilakaera; 2012ra arte udalerrian genuen larrialdi zerbitzua ez dutela berrezarriko eta Hernanira joaten segi beharko dugula; eta osasun zentroa ez dela anbulategi bihurtuko momentuz". Azken hori, edonola ere, berriro aztertuko dute Lasarte-Oriako biztanleriak hazten jarraitzen badu.