Ordubete iraungo du bertso jasa horrek eta Hezkuntza arloan jarduten duten bi bertsolari ariko dira koplaka, Lierni Rekondo herritarra eta Iker Ormazabal Tturko. Unai Mendizabalena da gidoia eta bera da zuzendaria.
Bertsolaritzako ohiko zirkuituan eskaintzen dituzten saioak helduentzako izan ohi dira. Bertsolariek adin tarte horretako ikus-entzuleei kantatzen diete, eta, horregatik, erabiltzen dituzten hitz, esamolde, gai eta bestelako komunikatzeko moduak haiei bideratuta daude. Eskema hori hautsi eta haurrak diziplina horretara erakartze aldera, formatu desberdin baten alde egin dute Ttakunek eta udalak. Illarramendik eta Antxordokik nabarmendu dute "beharrezkoa" izango dela haurrek parte hartzea: "Ikus-entzule ez ezik, partaide aktiboak izango dira". Gai jartzailerik izango ez denez, publikoko boluntarioen ideiekin inspiratuko dira Rekondo eta Ormazabal, hitzekin nahiz errimekin jolasteko. "Gaztetxoen interesa piztu eta etorkizunean Earra! bertso eskolan izena emateko lagungarria izan daitekeelakoan gaude".