"Oso eskertuta" daude Yerayren gurasoak, Patricia Martin eta David Rodriguez, herritarrek egin dieten enegarren elkartasun keinuagatik. Gaztea hesteetako patologia batekin jaio zen eta horrek behar bezala haztea eragozten dio. Hori konpontzeko giltza hazkunde hormonek izan dezaketela uste dute medikuek eta Osakidetzak horri ezezkoa eman ostean, familiak osasungintza pribatutik ekin dio gaitza sendatzeko bideari. Azken hilabeteetan laguntza asko jaso dute eta gaur aurkeztu duten jarduera da adibideetako bat.
Yerayren gelako tutoreari bururatu zitzaion errifa bidezko zozketa bat martxan jartzea, dirua biltzeko. Ideia hori asko gustatu zitzaien gelakoei eta azkar zabaldu zen ikastetxe osora. Ez zen han geratu, ordea, Aterpea merkatarien elkarteak horren berri izan zuenean bitan pentsatu gabe laguntzea erabaki baitzuen, eta 40 saltoki atxiki ziren egitasmora, datorren astelehenean Oriarte-Landaberrin bertan zozketatuko dituzten hainbat produktu emanda. Jolas orduan jakinaraziko dituzte irabazleak zeintzuk diren eta denak urduri daude egun handi hori noiz iritsiko zain.