Lasarte-Oriako Gazte Asanblada aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ekainaren 14a

Eragile ezberdinetako herriko gazteak elkartuta sortu dute LOGA Lasarte-Oriako Gazte Asanblada. Espazioen problematikari irtenbide eman asmoz batu direla azaldu dute ekimena aurkezteko prentsaurrekoan.

Ostegun arratsaldean egin du aurkezpen agerraldia LOGAk. Bertako kideek jakinarazi dute gazte lasarteoriatarrek dituzten arazoen diagnosi bat egiteaz gain, analisi hori udalari helarazi diotela; hainbat kezka bildu dituzte aipatu dokumentu horretan, eta horien berri eman dute prentsaurrekoan. 

Gaztelekua izan da lehen adibidea. Azaldu dute gazteek ez dutela horrekiko inolako esku hartzerik, eta nekez asetzen dituela euren beharrak. 

Etxebizitzaren problematikaz mintzatu dira gero. Azpimarratu dute gai horrekiko arazoa "oso agerikoa" dela Lasarte-Orian, eta bereziki gazteei eragiten dien gaia izanik, hortaz hitz egiteko espazio baten beharra aldarrikatu dute. 

Udalak eskaintzen dizkien egitasmoez mintzatu dira gero, eta esan, horiek ez direla euren beharretara egokitzen: "Herritarron ahotsa kontuan ez hartzeaz gain, eskaintza gehienak ordainpekoak dira". 

Gazte eragileetako parte hartzaileak

Agerraldiarekin aurrera eginez, gogorarazi dute Lasarte-Orian herritar asko direla askotariko gazte eragileetan parte hartzen ari direnak, eta horien guztien jarduna aurrera eramateko, "era libre eta autogestionatuan biltzeko espazio baten beharra" galdegin dute: "Instituzioetatik kanpo antolatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, udalak ez baitu gure iritzia kontuan hartzen". 

Azken urteotan euskararen erabilerak beheranzko joera hartu duela ere mahaigaineratu dute, eta salatu, udalak horren aurrean ezer egin ez izana: "Hori ikusita euskara erdigunean jarriko duen espazio bat aldarrikatu nahi dugu". 

Herritarrei dei eginez amaitu dute agerraldia: "Problematikak ugariak direla ikusita, dei egiten diogu Lasarte-Oriako gazte orori gurekin batera antolatzera".