EUROPAKO HAUTESKUNDEAK

PSOE izan da alderdi bozkatuena

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 9a, 23:29

Europako Parlamenturako hauteskundeak egin dituzte gaur eta botoen %100 zenbatuta, PSOE izan da alderdi bozkatuena udalerrian, bozken %35,6arekin (2.503 botopaper). Duela bost urteko bozekin alderatuta nabarmen igo da abstentzioa, hamazazpi puntu; hautetsontzietara deituta zeuden bizilagunen erdiak baino gehiago (%52,4) ez dira joan.

2019ko hauteskundeetan bezala PSOEk lortu du ordezkaritza zabalena Lasarte-Orian: 2.503 boto, duela bost urte baino 753 botopaper gutxiago. Alderdi gehienek lortu dituzte bozka gutxiago izugarri hazi delako abstentzioa, hamazazpi bat puntu. 14.804 herritar deituta zeuden hautetsontzietara eta erdiak baino gehiago (%52,4) ez dira bertaratu.

Orain Errepublikak koalizioaren barruan aurkeztu den EH Bildu izan da bigarren indarra udalerrian, 1.911 botorekin (duela bost urte 1.990 erdietsi zituen). Hirugarren indarra CEUS koalizioaren baitan joango den EAJ izan da, 898 bozkarekin (2019an 1.647 lortu zituzten jeltzaleek). Botoetan gora egin duen alderdi bakarretakoa PP izan da (707 gaur eta 493 duela bost urte). Sumarrek 262 paper bildu ditu, eta, Podemosek, 214 (jaitsiera nabarmena izan du, ia 900 botokoa). Alderdi ultraeskuindarrek, VOXek eta Se Acabo La Fiesta-k, 328 botopaper bildu dituzte, 179 eta 149, hurrenez hurren.

Buruntzaldean eta Gipuzkoan, EH Bildu

Eskualdeko gainerako bost herrietan (Andoain, Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Usurbil) EH Bildu-Orain Errepublikak izan da alderdi bozkatuena.

Gipuzkoan ere koalizio subiranista izan da lehen indarra, botoen %34,5 bilduta. PSOE izan da bigarren (%23,9) eta EAJ, hirugarren (%20,7). Lasarte-Orian bezala, Lasarte-Orian bezala, parte hartzea oso baxua izan da lurraldean, %50,09. Duela bost urte %63,2koa izan zen.