Martutenek irabazi du Texas Lasartearra Emakumezkoen I. Txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 8a, 20:49

Michelin kirol gunean lehiatu dira larunbatean zortzi klubetako hamar talde. Ligaxkaren ondoren jokatutako kanporaketa partidetan Martutene nagusitu zaio Sanseri finalean. Hirugarren Orioko izan da. 

Gogotsu aritu dira futbol jokalari gazteak Michelinen. Goizean, ligaxka egin dute eta parte hartu duten hamar taldeek elkarren kontra jokatu dute: Texas Lasartearra, Orioko, Sanse, Intxaurdi A eta B, Aierru, Touring, Martutene, eta Aiztondo A eta B. Bazkaltzeko tartearen ondoren, Michelinera bueltatu eta kanporaketei ekin diete, goizeko emaitzen arabera gurutzaketak eginez.

Areto futboleko zelaian egin dute sari banaketa, aurreikusita zutena baino ordu erdi lehenago. Angel Rosak azaldu duenez, emakumezko futbola "ikusgarri" egiteko asmoz abian jarir dute txapelketa, neskek benetako aukera izan dezaten futbolean aritzeko. Kirolaz harago,  "gizarteari itzuli nahi" dioteala ere zehaztu du. Horregatik, txapelketa solidarioa izan da, eta zozketa ere antolatu dute Izan Iñurri elkartearentzat dirua biltzeko. Zori oneko zenbakiak honakoak izan dira: 95, 959, 367, 174, 883, 1061, 1563. Halaber, Aterpeak eta herriko 80 establezimenduk emandako babesa ere eskertu du Rosak.

Jokalariak elkarren aurrean jarri dira taldeei pasilloa egiteko. Lehenik, hiru lehenenen artean sailkatu ez diren gainerako bost taldeei oroigarri bana eman diete. Touringekoak ordurako joanak zirenez, mahai gainean gelditu da beraien plaka. Ondoren, postu bakoitzeko jokalari onenei sari bana eman diete, eta amaitzeko hiru kopak banatu dituzte. Martuteneko neskak pasilloaren parte zirenez, Sansekoek hartu dute beraien lekua, txapeldunei aitortza egiteko. Txingoka egin dute bidea, talde donostiarreko jokalarietako bat makuluekin dabilelako. Pozarren jaso dute garaile kopa. Txapeldunordea, Sanse izan da, eta Orioko, hirugarren. 

Festa amaitzeko, baloiak bota dituzte hartzen zituztenentzat opari, eta su artifizialak jaurti dituzte.