Texas Lasartearra Emakumezkoen I. Txapelketa aurrera eramango dute ekainaren 8an

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 31a, 10:33

Emakumezkoen futbola bultzatzea da kirol jardueraren helburuetako bat, baina ez bakarra. Ekimenak izango du alderdi solidarioa ere; horren bitartez lortutako diruaren %100 Iñurri elkarteari emango diote

Texas Lasartearrak, udaleko Kirol eta Sozioekonomia sailekin elkarlanean, Emakumezkoen I. Txapelketa antolatu du. Ekainaren 8an izango da hori, Michelin kirol gunean, eta xehetasun guztien berri eman dute antolatzaileek, prentsaurrean. 

Angel Rosa Nevadok hitz egin du Texas-en izenean, eta esan, oraindik ere, gaur-gaurkoz erakundeen aldetik sumatzen dela emakumezkoen futbolaren aldeko lan falta. Gaineratu du, egoera hori iraultzeko asmoz antolatu dutela aipatu txapelketa. 

Horrez gain, Iragarri du hamar futbol talde etorriko direla Michelin kirol gunera, horien guztien artean, Euskalduna, Añorga eta Martutene. Guztira 200 bat gaztek parte hartuko dute eta horientzako guztientzako (eta akimenena aurrera eramaten lagunduko duten beste 50 bat heldurentzako ere bai) bazkaria antolatu du Texas Lasartearrak. 

Merkatarien babesa

Herriko 80 komertziok bat egin du torneoarekin, eta horiek egindako dohaintzei esker, 100 sari baino gehiago zozkatuko dituztela jakinarazi du Rosak. Horiei guztiei eskerrak ematearekin batera, udalaren laguntza ere balioan jarri du. Realeko Sani Franssi jokalaria ere ahotan izan du; futbolean aritzeko oinetakoak eta Finlandiako (herrialde horretan jaioa da aipatu jokalaria) selekzioaren kamiseta eman ditu txapelketan oparitzeko. Herriak Texasentzat garrantzia duela azpimarratu du: "Herriko kluba da Texas. 1960. urtean sortu zen, eta ibilbide garrantzitsua egin du gaurdaino". 

Elkartasun keinua

Txapelketak helburu solidarioa ere baduela nabarmendu du Rosak; azaldu du txapelketan bilduko duten diru guztia Iñurri elkarteari emango diotela. Agerraldian izan da aipatu elkarteko kide Julene Illarramendi, eta hitz hartuta, eskertuta agertu da Texasekin. Esan du "polita" dela Texasek elkartearekiko izan duen keinua. Gaineratu du, Iñurri ikuspegi feminista batetik lanean ari den elkartea dela, eta, hori hala izanik emakumezkoen futbolari ikusgarritasuna ematearen alde agertu da Illarramendi.