Lasarte-Oriako Urruzola mertzeria ez da mertzeria soil bat. Jaioberriak diren haurrentzako jantzietatik hasi, eta helduentzako etxeko arropetaraino, aukera zabala du Kale Nagusia 42. zenbakian dagoen saltokiak. Hori gutxi ez, eta iazko maiatza amaieratik proiektu bat dute martxan: Urruzikloa. Horren bitartez, 0 eta 36 hilabeteko haurren bigarren eskuko jantzien eskaintza egiten du. Establezimenduko arduradun Lurdes Urruzolak aipatu duenez, arropa horiek "berehala" geratzen zaizkie txiki jaioberriei, eta askotan, "berri-berriak" erretiratu behar izaten dira. Horri irtenbide emateko asmoz abiatu dute aipatu proiektua, arropa horiei guztiei "bigarren bizitza bat emateko.
Bezeroak, gainera zenbait abantaila izango ditu zerbitzu horretan parte hartzeagatik. Lehenik eta behin, bigarren eskuko arroparen truke, eskudirua edo deskontua jasoko du ordainetan jantziak eramango dituenak; noski, establezimenduko bezeroa den eta eraman duen arropa bertan erosia izan den ere kontuan hartuko dutela jakinarazi dute: "Dendako bezeroa bada, edota bertan erositako arropa ekartzen badu balorazio hobea jasoko du".
"Urruzikloan behar duzuna berrerabili eta behar ez duzuna itzuli "
Bigarrenik, etxean pilatuta geratu den arropari "irtenbide on bat" emateko aukera eskaintzen duela azpimarratu du Urruzolak; era berean, jantzi berrientzako lekua uztea ere ahalbidetzen du zerbitzuak. Hirugarrenik, eta azken abantaila gisa, aipatu du arropa kontsumoa murriztea ere posible egiten duela, horrek ingurumenean eragiten duen inpaktua gutxituz. Bigarren eskuko jantzi horiek guztiak "prezio oso onetan" saltzen dituela ere gaineratu du.
Eskaintzak, kalera
Aterpearen Udaberriko Festarekin bat eginez, hilaren 24 eta 25ean bere produktuak denda atarian eskainiko ditu Urruzola mertzeriak. Gauzak horrela, arestian aipatutako ekimena ezagutzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Eskaintza bereziak izango dituzte 0 eta 36 hilabeteko haurren bigarren eskuko arropak, euro 1, 2, 3, 5 eta 10 euroan jarriko ditu horiek salgai. Horrez gain, 0 hilabete eta 8 urte arteko jantzi berriak ere edukiko dituela iragarri du; horiek %25 arteko deskontuekin.