Maiatza, urte guztiaren ardatza

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 14a, 11:52

Udaberriko Festa ospatuko du aurten ere Aterpea merkatarien elkarteak, hilabete honetan zehar: komertzio batzuek eskaintza bereziak egingo dituzte eta beste batzuek jarduerak antolatu, tokiko dendek herriari zer-nolako bizia ematen dioten nabarmentzeko. Ormazabal loradendan eman dute aurtengo egitarauaren berri, establezimendu horrek 100 urte bete dituelako. 

Maiatza, urte guztiaren ardatza dio esaera zaharrak, urte osoko uzten zikloan funtsezko garaia dela adierazteko, izan ere, hilabete honetako eguraldiaren araberakoa izan ohi da lurretan landatutakoaren loraldiaren arrakasta. Atzoko aurkezpen ekitaldian euria egin zuen goian behean eta ziur baserritar bat baino gehiago pozarren egongo zela. 

Pozik zegoen baita ere Ormazabal loradendako jabe Ramon Ormazabal, Aterpea merkatarien elkarteko lagunek proposatu ziotelako bere komertzioan aurkeztea hilabete amaieran aurrera eramango duten Udaberriko Festa. Laborarientzat ona izan ohi den euria ez da aproposa izaten argazkilari eta euren parean jartzen direnentzat, batez ere argazkiak aire zabalean direnean (aipatu dendaren erakusleihoan, kasu honetan), baina umorez hartu zuen dendariak: "Eguraldia horrela etortzen da eta horrela hartuko dugu". Barre egin zuten parean zituen 40 bat pertsonak, dendariak batzuk eta udal ordezkariak besteak. Aurtengo ospakizunean egingo dutena azaltzeko alboko portal batean bildu ziren, babesean.

Hiru zati

Aterpeak maiatzean egiten duena ere bada elkartearen urteroko jardunaren oinarrietako bat, Ormazabalek berretsi duenez: "Udaberriko Festa da egitasmo garrantzitsuenetako bat". Herritarrek ere hala uste dute antza, badaramatzatelako egun batzuk dendariengana joan eta ospakizunagatik galdetzen: "Orain arte ezin izan diegu esan aurten Udaberriko Festa egingo genuen ala ez, baina hilabete luze batzuetan bileraz bilera ibili eta gero, udalarekin hitzarmena sinatuko dugu eta aurrera eramango ditugu jarduerak". 

Hiru zati ditu Udaberriko Festak. Lehenengoa, erosketa bonuena, atzo hasi eta hilaren 25ean amaituko dena. 72 establezimendu animatu dira aurten eta egun horietan bertan erosten dutenek zozketa baterako tiketak jasoko dituzte. Zortzi sarituko dituzte eta irabazle bakoitzak 250 euroko txartel bat poltsikoratuko du. Bigarren ardatza da tokiko merkataritzaren garrantzia ikusaraztea belaunaldi berriei. Horretarako, Sasoeta-Zumaburu eta Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeengana jo dute merkatariek eta ederki erantzun dute horiek, izan ere, 800 bat ikaslek lelo honetan oinarritutako marrazkiak egin dituzte: Zer ikusi nahiko zenuke zure herrian hutsik dauden lokaletan? Gaztetxoen lanak 42 dendaren erakusleihoetan jarriko dituzte eta egileek beraiek aurkitu egin beharko dituzte, bakoitzak berea, hilaren 20tik 24ra. Oparitxo bana jasoko dute trukean. Hirugarrenik, Aterpeako bazkide diren negozio ugarik eskaintza bereziak eta jarduera erakargarriak aurrera eramango dituzte hilaren 24an eta 25ean, Lasarte-Oriari ematen dioten bizia irudikatzeko.

Mabel Modak eta Urruzola Mertzeriak eskainiko dituzte deskontu eta bestelako pagotxak. Jarduerak, berriz, hauek izango dira:

  • Hilaren 24an, Lilura liburu dendan, 17:15etik 19:30era: Txano y Óscar liburuaren egile Patricia Perez eta Sara-Li lanaren autore Julio Santos etorriko dira, herritarrekin hitz egin eta liburuak sinatzera.
  • Hilaren 24an, Dulce Tentacion gozo dendan, 17:30etik 18:30era: gozokiekin apaingarriak egiten ikasiko dute.
  • Hilaren 25ean, Jaizkibel plazan, 12:00etatik 13:30era: zunba eta jumping saioak aurrera eramango ditu Saito gimnasioak.
  • Hilaren 25ean, Ormazabal loradendan, 12:00etatik 15:00etara: "Garai bateko Goikokaleko alpargateriko erromeria" egingo dute, denda horrek 100 urte bete dituela ospatzeko. Paella eta sagardo dastaketak aurrera eramango dituzte, 5 euroren truke.
  • Hilaren 25ean, Arkupe tabernan, 12:00etatik 15:00etara: "Udaberriko Bermuta" prestatuko dute, Bodegas Miro-ren bermutekin.
  • Hilaren 25ean, Arkupe tabernan, 18:00etatik 20:30era: Sinergy eta Mandragora Negra taldeen kontzertuak.
  • Hilaren 25ean, Buenetxea kafetegi-tabernan, 19:00etatik 21:00etara: David Moreno upategiko ardoen dastaketa egingo dute. Pintxo goxoak banatzeaz gain zuzeneko emanaldia egingo du Radio Rebeldes Cover taldeak. 
  • Hilaren 25ean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara: herria zeharkatuko du txu-txu trenak. Okendo plaza izango da geltokia.

Goikokaleko erromeria

Hilaren 25ean ospatuko duen erromeriari buruzko azalpen gehiago eman ditu segidan Ormazabalek. Kontatu du bere aitonak baimena eskatu zuela denda kanpoaldean dantzaldi bat aurrera eramateko, duela 100 urte. Garai horretan Lasarte-Oria ez zen udalerri independentea oraindik eta komertzioa zegoen zonaldea Urnietak kudeatzen zuen. Orduko alkate Jose Benito Arizmendik sinatutako bando bat irakurri zuen, 1924ko maiatzaren 6koa: 

 

Besteak beste, Arizmendik zehaztu zuen dantzariek ezingo zutela dantza lotuan egin, "garaiko ohitura kristauak" ez hausteko. Edonola ere, horri men egingo ez zion bikoteren bat arituz gero, musikariek agindua zuten jotzeari uzteko. Bestalde, Angelusaren orduan amaitu behar zuen, alkatetzari baimen berezi bat eskatu ezean.

Ramonen anaia Peiok hartu zuen hitza ondoren, hilaren 25eko dantzaldia nolakoa izan zen esplikatzeko. "Urnietako alkateak argi adierazi zuen dantza lotuan ezin zutela egin; gu horren kontrara ariko gara pixka bat", bota zuen, umoretsu. Ordu eta laurden inguruko emanaldia izango da eta eragile ugarik parte hartuko dute: Erketz EDTko txistulari eta dantzariek, Ttirriki Ttarrakako musikariek, bi dultzainerok eta Galiziatik etorritako gaita jotzaileek.

Hitzartzeak amaituta eta agerraldia egin bitartean hasierako argazkian atera ez ziren dendari batzuk zeudela ohartuta, eguraldi txarrari aurpegi ona erakutsi eta Ormazabal loradendaren erakusleihoaren aurrean jarri ziren berriro ere, irribarretsu.