Aterpea elkartearen aurtengo egitasmoak babestuko ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 15a, 14:41

Ezker-eskuin: Luis Mari Carballo, Mabel Pedreira, Agustin Valdivia eta Nuria Fernandez.

Lasarte-Oriako Udalak 25.000 euro emango dizkio Aterpea merkatarien elkarteari zenbait egitasmo aurrera eraman ditzan aurten, honezkero martxan dagoen Udaberriko Festatik hasita. Kanpainen helburuak dira herritarrek tokiko merkataritza ezagutzea eta establezimenduek ematen dituzten kalitatezko produktuak nahiz zerbitzuak kontsumitzea.

Agustin Valdivia alkateak, Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandezek eta Aterpeako lehendakari Mabel Pedreirak zein lehendakariorde Luis Mari Carballok izenpetu dute lankidetza hitzarmena. Lehen biek balioan jarri dute merkatarien elkarteak aurrera eramaten duten lana: "Tokiko merkataritza biziberritzeaz gain sekulako bizia ematen diote Lasarte-Oriaren egunerokoari". 

Helburu horiek erdiesteko makina bat egitasmo aurrera eramango ditu Aterpeak. Udalaren 25.000 euroko dirulaguntza baliatuko du horretarako. "Eskerrak ematen dizkiogu udalari, babes hori gabe ezinezkoa litzatekeelako antolatzen dugun guztia egitea". Hauek dira jarduerak:

  • Udaberriko Festa
  • Eskuratu 1.000 euro
  • Santa Ana eguneko pintxoa
  • Stock Azoka (herritarren kanpaina "kuttunenetako bat" dela zehaztu du Fernandezek)
  • Gozatu
  • Tokiko dendetara erostera autoan etorriz gero, SuperBM supermerkatu gaineko parkinean ordubetez doan aparkatzeko aukera
  • Pintxo ibilbidea
  • Eguberrietako egitasmoak
  • Aterpeako bazkide izateko kanpaina

Azken hori xeheago esplikatu dute Valdiviak eta Fernandezek. Gure herrian 500 bat establezimendu daude gaur egun eta 90 inguru dira Aterpeako bazkide. Eragile hori "are indartsuagoa" izan dadin, bazkide egiten direnek ez duote kuotarik ordainduko aurreneko sei hilabeteetan, udalak finantzatuko duelako gastu hori. Ildo horretatik, alkateak azpimarratu du "abantailak" dituela merkatarien elkartearekin lankidetzan aritzeak, "sektore horren egoera zein den argi azalduko duen solaskide bat" delako.

Bukatzeko, Carballok balioan jarri du Aterpeako zuzendaritza taldeko kideek elkartea dinamizatzeko egiten duten lana. "Ezetz dirudi baina kosta egiten zaigu gure negozio partikularrak eta eragilearen egitasmoak aurrera eramatea". Halaber, bazkide direnei laguntza eskatu die, koordinazio zeregin guztiak organo horren gain daudelako gaur egun. "Gutxi gara".

Erlazionatuak

Maiatza, urte guztiaren ardatza

Txintxarri Aldizkaria mai 14 Ekonomia