Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak garaipena lortu zuen gau berezia biribiltzeko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 15a, 13:15

Lander Martin jokalariaren omenaldiari eta denboraldiari amaiera bikaina eman zion Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak. 6-4 garaitu zuen Lauburu Ibarra taldea

Francisco Javier Kixki Perez entrenatzaileak adierazi modua, "Gau berezia izan zen Eguzki Areto Futbol taldeentzat Lander Martinekin jokatu edo entrenatu dugunontzat. Behar bezalako agurra ematea behar zuen". Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak emanaldi bikaina eskaintzeko osagai guztiak zituen hilaren 10ean, Maialen Chourraut kiroldegian: zaletuen animoak, aurkari garrantzitsua (Lauburu Ibarra) eta Lander Martinen omenaldia. 

Eta asmo horrekin atera zen Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldea zelaira. Hasieratik ausart jokatu zuten etxeko taldeko kideek, aurrez aurre egin zioten borroka Lauburu Ibarrari, "kikildu gabe" eta saria izan zuten. Etxeko taldeak bitan lortu zuen aurkariaren atea zulatzea.

Baina ezin aurkaria gutxietsi eta bi jokalditan, batean defentsari aurre hartuz eta bestea falta jaurtiketan batean, berdinketa eskuratu zuten ibartarrek. 

Nahiz eta etxeko taldea saiatu binako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeko kideek lehen zatian egiten ari ziren lana eta emaitzak ikusirik, goian presioa egiten jarraitu behar zutela adostu zuten Kixkiren hitzetan.

Eta kantxan zirela jarraibideak ederki gauzatu zituzten I. taldeko kideek. Baloiak aurkariaren zelaian berreskuratu, lasai jokatu eta Lauburu Ibarraren erasoak zapuztu zituen etxeko taldeak. Aukerak ere sortzeko gai izan ziren eta 4-2 jarri zen Eguzki.

Tamalez hurrengo minutuetan jokoan gorabehera batzuk izan ziren etxeko taldean eta hori baliatuz, berriro ere markagailua berdintzea lortu zuten ibartarrek, launa oraingoan. "Hutsak egin eta aukerak emanez gero talde arriskutsua da Lauburu Ibarra eta ongi baliatzen ditu horrelako egoerak," nabarmendu du Eguzkiko prestatzaileak.

Etxeko taldeak ez zuen amore emango, ordea eta estualdiaren aurreko dinamikara itzuli zen. Era horretara, beste bi gol egin eta Lander Martinen omenaldia biribildu eta denboraldia amaitzeko garaipena erdietsi zuen Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak.

Finalerako bidean

Eguzki Areto Futbol elkarteko talde gehienek amaitu dute denboraldia. Bada salbuespenik; Gazteen eta Kadete taldeak euren ligetako finalerdiak jokatzeko lehian daude.

Gazteen mailako taldeak Pescados Alberto Ferreras AF Antxo taldea izango du aurrez aurre. Kadete mailako Eguzki Goxokis Goxua, aldiz, Antiguokoren aurka egin beharko luke, baina federazioaren erabaki baten zain daude arduradunak.