Lander Martin jokalariaren agurrean, emozioz betetako omenaldia

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 14a, 11:00

Eguzki Areto Futbol taldeko kide eta harrobiak, udal ordezkarik eta lagunek Lander Martin jokalariari ekitaldi xumea egin zioten hilaren 10ean. 2003. urtean hasi zen Martin areto futbol taldean jokatzen eta 21 urte hauetan egin duen lanarengatik eskerrak eman eta agur esateko familia, ezagun eta zaletuak batu ziren Maialen Chourraut kiroldegiko kantxan

Eguzki Areto Futbol taldeko harrobido taldeak, hirugarren taldeko zein lehen taldeko kideek korridorea egin zuten eta bertatik sartu zen Lander Martin han eta hemen bostekoak eta besarkadak ematen. 

Agurra dantzatu zioten eta lehen malkoak isuri zitzaizkion omenduari.

 

ISU Leihoak taldeko entrenatzaile-ohi Eneko Molinaren hitzek ere iribarre bat baino gehiago sorrarazi zizkioten Martini. Besteak beste, harrobiko haurrentzat eredugarri dela nabarmendu zuen Molinak:  "Pertsonalean, bizitza osoa elkarrekin daramagu, eta kirolean, jokalari aparta izateaz gain, uste dut hemen dauden guztientzat, eta bereziki, haurrentzat, jarrai dezaketen eredu onena dela; uste baitut kiroltasun eta kidetasun eredu dela. Eskerrik asko denoi etortzeagatik eta Landerri, esan, munduko onena dela". Ostean, areto futbol taldearen izenean oroigarri modura txapela jantzi zion Jon Arozenak. 

Udalaren izenean Goizane Pildain Kirol batzordeburuak eta Jon Antxordoki zinegotziak ere ildo beretik mintzatu ziren: ""Guk Lasarte-Oriako Udal bezala eskertu nahi genizuke urte hauetan guztietan kirol mailan egin duzun lan guztia. Adibidea zara. Mutik esan duen bezala, gaztetxo hauentzako guztientzako eta ez hain gaztetxoentzako ere bai".  Eta urte hauetan pertsona zein kirolari bezala egin duena eskertuz lore sorta bat eman zioten. 

Jarraian, kuadrillako Jon Pavonek hartu zuen hitza: "Futbolak arratsalde askotan kendu digu. Dakizuenez aldi berean sei taldetan ibili da". Eta omenaldi modura, Maialen Chourraut kiroldegiko kantxan ikusgai izango den Martinen argazkia aurkeztu zuen: "Egunotan hizketan aritu gara: Ze, ez al dizute kamiseta zintzilikatuko Lakersek-eta egiten duten moduan? Eta omenaldia egin nahi izan diogu. Oxala hor gelditzea... Legenda gehiago izatea espero dugu, 21 urtez hemen jokatu eta hor jar dezatela, baina etxera eraman nahiko du". Kamiseta bat ere bazegoen, baina Pavonek aipatu moduan, etxera eraman zuen.

Mingarria uztea

Emozio guztiei aurre egin ostean, omenduak hitz batzuk egin zituen.  Hurrengo urtean jolasten jarraituko duela adierazi zuen txantxa modura eta jarraian jokalari izateari uztea mingarri dela azpimarratu zuen : "Hamar urte daramatzat erretiratzen eta azkenean une bat iristen da bizitzan pausoa eman behar duzuna. Mingarria da, gustatzen zaidalako, nahiz eta gorputzak ez duen lehen bezala erantzuten".

Beretzat hainbeste urteetan jolastu ahal izatea ohorea bat izan dela eta guztien lagun izaten saitu dela nabarmendu zuen: "Lagun asko egin ditut, futboleko taldekideak baino. Asko maite zaituztet eta badakit zuek estimatzen nauzuela, nik zuek hamar bider gehiago". Eta azkenik eskerrak eman zizkien kantxara hurbildu ziren guztiei.

Ekitaldiari amaiera emateko, harrobiko taldeekin zein bere taldeko kide izandakoekin talde argazkiak egin zituen Martinek.