2024 urteko apirilaren 18an egindako osoko bilkuren aktaren onarpena eginaz hasi du udal korporazioak hil honetako ohiko udalbatzarra, eta berehala landu dute gai ordenako bigarrena puntua. Alkatetzatik heldutako proposamen bat mahaigaineratu dut Agustin Valdivia alkateak Udalbatzak kide anitzeko organoetan izango dituen ordezkariak izendatzeaz mintzatu da, Nuria Fernandez Castrillo itzultzeko eskaera eginda. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan PSE-EEren zerrendakidea izan da, eta hori hala izanik, eten egin behar izan du Beterri-Buruntza mankomunitateko lehendakariorde kargua. Boz horiek igarota, berriz ere zeregin horretara itzultzeko eskaera egin du, eta hori da udalbatzak bozkatu duena. Hau izan da emaitza: Aldeko hamar bozka (PSE-EE eta EAJ), aurkako boto bat (ELOP), eta sei abstentzio (EH Bildu eta PP).
2/2024 zenbakiko kredituak aldatzeko espedientea onartzea proposatu du alkateak hirugarren puntuan, eta horrek ere eztabaida handiegirik gabe egin du aurrera. Alderi guztiak alde agertu dira, Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos izan ezik; abstentzioaren alde egin du Miguel Angel Tolosak.
Administrazioaren kabuz berrikusteko prozedura hasteaz mintzatu dira gero. Aurrera egin du gaiak aldeko hamasei bozka (PSE-EE, EH Bildu, EAJ eta PP) eta abstentzio batekin (ELOP).
Gai ordenako bosgarren puntuan, berriz, alkatetzaren proposamenari heldu diote. Lasarte-Oriako Udaleko langileen eta korporatiboen ordainsarien % 0.5ko gehikuntza osagarria onartzea landu dute, eta horrek, aurreko puntuaren emaitza bera izan du: aldeko hamasei boto (PSE-EE, EH Bildu, EAJ eta PP) eta abstentzio bat (ELOP).
Saioa amaitu aurretik, ohi bezala galdera eta erreguen tarteari eutsi diote. Bost hitzartze izan dira tarte horretan. Alderdi Popularreko Manuel Palaciosek hartu du hitza, eta otsailean Sasoetan jazotako suteaz galdetu dio gobernu taldeari. Jakin nahi izan du Ertzaintza edo suhiltzaileen txostenik ba ote dagoen, edota ikerketarik egin den eta zein den horren emaitza. Halaber, udalaren babes zibileko protokoloa eguneratu gabe dagoela ere mahaigaineratu du. Berehala erantzun dio alkateak, eta, esan, gaur-gaurkoz ez dagoela sute haren ikerketaren ondoriorik, eta protokoloa eguneratua zegoela uste zuen arren, hori hala izan dadin eskatuko duela.
EH Bilduko kideek hartu dute hitza gero. Sandra Barkaiztegik kultur etxeko, kiroldegiko eta Euskara batzordeko teknikari postuei buruz galdetu du. Jakin nahi izan du zergatik diren kargu horiek betetzen, eta bete bitartean nork hartu dituen bere gain horiek egin beharreko lanak. EAJko Jon Antxordokik erantzun dio; kultur etxeko eta kiroldegiko teknikari postuak hil amaieran beteko direla esan dio. Euskara Zerbitzuko teknikari karguaz, aldiz, azaldu du lan poltsa ezberdinetan begiratzen ari direla, baina ez dutela inor topatzen. Gaineratu du, teknikari postuak bete bitartean idazkariari eskatu diotela laguntza, hori izan dela presazko lanak aurreratzen lagundu diena.
Asier Gorostegik Atsobakar kirol eremua ekarri du mahai gainera. Adierazi du jakin duela epe labur batean zabalduko dutela espazio hori, eta galdetu du bertako atezaintza lana nola egingo den, herritarrak nola sartuko diren bertara. Horri ere EAJko Jon Antxordokik erantzun dio, eta esan, gaia lantzen ari direla, eta asmoa, lizitaziora ateratzea dela.
Uxue Loinazek hartu du hitza gero. Udako Txokoen matrikulazio epea noiz izango den galdetu du, eta horrekin batera jakin nahi izan du zein irizpideren baita hartu den lehiaketa hori alderdi ekonomikoaren baita soilik baloratua izatea. Hasiera batean Nuria Fernandezek erantzun dio aurten horrela egin dela "beti horrela egin delako", baina alkateak hartu du hitza gero, eta, esan, zerbitzu hori jangelarekin eskaintzeko ahaleginetan aritu direla, eta horrek eragin duela prozesua atzeratzea. Hortaz, uda ate joka dagoela kontuan hartuta, zerbitzua lehiaketara atera behar zenez, horrela egitea erabaki dutela (iaz ere hala egin zuten). Dena den, azpimarratu du datorren urterako jangela zerbitzuarekin eskaintzeko nahia agertu du.
Oihan Agirretxek egin du saioko azken galdera. Zabaleta auzoko alokairu sozialera bideratuko diren etxebizitzez galdetu dio gobernu taldeari. Gaiarekiko berririk ez dutela esan du, eta zertan den jakin asmoz luzatu du galdera. Alkateak erantzun dio alokairu horiengandik udalak zein diru kopuru jasoko duen zehaztea baino ez dela falta (Eusko Jaurlaritzarekin adostu beharreko gaia da).
Ezohikoa ere bai
Bestalde, hilaren 9ko ohiko saioaren biharamunean batu da berriz ere udalbatza. Udal korporazioko kideek ezohiko batzarra egin dute, ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskunderako mahaiak zozkatzeko. Presidente edo bokal izatea egokitu zaizun ala ez jakiteko, kontsulta ezazu artikulua. Horien emaitzak publiko egin bezain laster jakinaraziko ditu TXINTXARRI-k ere.