Azkorteko erromeriara bidean, aldaparik ez

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 5a, 17:37

Maiatzeko lehen asteburua egutegian markatuta dute lasarteoriatar askok. Hilabeteko hirugarrena Santikurutz eguna da eta horrek erromeria esan nahi du. Ohitura bezala, ondorengo igandean burutu dute baselizaren aurrealdean Ttakun Kultur Elkarteak Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean antolatutako festa. Eguraldi iragarpena ez zen erabat baikorra, baina ez horrek ezta autobus faltak ere ez du jendea etxean geldiarazi.

"Gogoko bidean, aldaparik ez" dio euskal atsotitzak, eta maiatzeko lehen igandeko erromeria honen zaleek antzera pentsatuko dute. Izan ere, oinez igotzeko ohitura aski zabaldua badago ere, adinean gora egin ahala nahia ez da nahikoa izaten eta ibilgailuren baten beharra izaten dute batzuek. Autobusaren alde egin ohi dute askok, baina, aurten, tamalez, ez da autobusik izan, eta ondorioz, batzuek ezin izan dute ermitarako bidea egin. Hala ere, ez da alde handirik nabaritu, asmoa izanda, hura betetzeko bidea topatu ohi delako.

Erromeria hasi baino pare bat ordu lehenagotik lanean aritu dira Ttakun KEk jarritako postuan  eta inguruan dena prest egon zedin. Goiz iritsi dira lehen mendizaleak eta bisitariak, baina batzuek jaiaren berri ez zutela aitortu dute. Taldetxoan heldu diren txirrindularietako batek arrazoia galdetu du bizitzan lehengoz ikusi baitu ermita irekita. Aukera ez du galdu eta barrua ezagutzera sartu da ezustekoaren harridura gainditzen ari zela. 

Mezaren ordua gerturatu ahala jende gehixeago iristen joan da, sakabanatuta. Batzuek tontorrera jarraitu dute, beste batzuek mokadua egitea hobetsi dute edo trikitilariak entzutea, herri kirolen erakustaldirako prestaketei begira. 

Alboka abesbatzak girotu du meza, "aingeru korua" apaizaren esanetan, elizkizunaren zenbait unetan kantatuta. Azken bedeinkapenaren ondoren, egun ona pasatzea opa izan die denei apaizak, eta gelditu direnek, behintzat, horretarako aukera izan dute. Horretarako, askoren lehen osagaia Ttirriki Ttarraka eskolako bikoteak girotutako hamaiketakoa izan da. Odolki edo txorizo pintxoa eta edariak izan dituzte aukeran, eta haiek prestatzen eta zerbitzatzen aritu barra atzeko lau lagunak. Atseden gutxi izan dute tarte batez antolatzaileei laguntzen aritu diren Alex Ramosek eta Itxaso Irazustak. 

Sabela bete eta eztarria freskatzen lanpetuta zeudelako edo, kosta egin zaio jendeari dantzara animatzea. Kostata, baina taldetxo batek erabaki du saiatzea. Ez dute luze aritzerik izan, ordea, eguerdiarekin batera herri kirolen txanda heldu baita. Beñat Telleria harri jasotzaile lasarteoriatarrak erakustaldia egin du, Julen Gabirondo eta Jokin Basozabal aizkolariekin batera. 

Hiruna ariketa egin dituzte, txandaka. Aizkolariak hasi dira, ea nork kolpe gutxiagoz enborra moztu, ondoren, denbora gutxienean, eta azkenik, hiru enbor nork lehenago ebaki. Telleriak, berriz, ahal beste altxaldi egin ditu bi minutuan 150 kiloko laukizuzenarekin, 125 kiloko zilindrikoarekin, eta azkenik, esferikoarekin. Azken ariketa amaituta, agurra egin du harriarekin. Txalo artean eskertu diete ikusleek egindako ahalegina.

Erakustaldiaren ondoren, askok beherako bidea hartu badute ere, trikiti eta pandero doinuak bueltatu dira oholtzara. Gelditu direnek edo tontorretik jaitsitakoek azken jan-edana egiteko aprobetxatu dute; eta poliki-poliki, ingurua husten joan da.

Erlazionatuak