Udaleko Euskara saileko buru Jon Antxordokik azaldu duenez, GurasoLekuren helburua da herriko haurrak elebidun oso bihurtzea, euskararen transmisioa familietan bultzatzearen bidez. Hiru adar ditu: GurasoLandia, GurasoTegi eta GurasoLagun. "Konektatu egiten ditugu familiaren, eskolaren eta herriaren gogoak nahiz baliabideak". Aurtengo kurtsoan 130 familia baino gehiagok parte hartu dutela jakinarazi du –aipatu hiru egitasmoetan eta TrukeLandian; azken horretan, hilabetean behin elkartzen dira GurasoLandian ari diren gurasoak, esperientzia eta ezagutzak elkartrukatzeko–.
Ttakun KEko Kultura sailaren arduradun Arkaitz Illarramendik zehaztu du aipatu hiru adar horiek zertan diren. GurasoLagunen euskaraz aritzeko gaitasuna duen pertsona bat horretarako ohitura ez duen batekin elkartzen da. GurasoTegin, berriz, euskara eskolak jasotzen dituzte gurasoek, komunikatzeko oinarrizko gaitasunak lantzeko. Azkenik, GurasoLandian elkartzen dira arestian aipatutako bi adarretako partaideak, aisia jarduerak aurrera eramateko haurrekin.
Lan mahai batek koordinatzen du GurasoLeku: Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzua, Ttakun Kultur Elkartea, Muntteri AEK euskaltegia, Sasoeta-Zumaburu eskola, Landaberri ikastola, Andrejoakinaenea haurreskola eta Burunzpe nahiz Landaberri guraso elkarteak parte hartzen dute foro horretan. Antxordokik azpimarratu du "erabateko aldaketa" eman dela herrian euskaraz ikasten duten umeen proportzioetan. "Orain hiru hamarkada, 1991-1992 ikasturtean, herrian eskolatutako Haur zein Lehen Hezkuntzako ikasleen %27ak ikasten zuen D ereduan; gaur egun, berriz, guztiek. Horrek esan nahi du haur guztiek euskaraz dakitela, ezberdintasunak ezberdintasun".