EH Bildu izan da bozkatuena Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 22a, 16:09

Botoei erreparatuta, EAJk irabazi ditu Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeak bozen %35,22 eskuratuta, nahiz eta eserleku kopuruan EH Bildurekin 27ra berdindu duen. Edonola, ezustekorik ez bada, EAJko lehendakarigai Imanol Pradales izango da agintaldi berrian Eusko Jaurlaritzako burua. Lasarte-Orian, aldiz, koalizio abertzalea izan da bozkatuena. Parte hartzea %58,72 izan da, EAEkoa eta Gipuzkoakoa baino lau bat puntu gutxiago, %62,52 eta %61,71, hurrenez hurren.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 14.770 lasarteoriatarrek zuten gaur botoa emateko eskubidea, baina haietako %58,72k utzi du berea hautetsontzietan, 2020an baino zortzi puntu gehiago (%50,03). Herrikoak kontatuta, EH Bildu izan da alderdi bozkatuena, 2.772 (%32,37) lortu ditu. Jarraian, postuak trukatu dituzte PSE-EEk eta EAJk, sozialistek aurre hartuta; eta biek boto paper kopuruan gora egin badute ere, 2.183 (1.821) eta 2.136 (1.904), ehunekoan, berriz, behera egin dute, %25,49 (%25,71) eta %24,94 (%26,88). Haien ondotik, PP (%7,23); 619 boza batu ditu, 183 gehituta. Sumar Mugimendua bosgarren kokatu da aurkeztu den lehen galdeketan: 331 herritarren babesa jaso du, %3,87. Podemos-Ahal dugu-Alianza Verde eta Voxen artean boto bakarreko aldea dago, 205 boza jaso ditu ezkerreko koalizioak (%2,39), 204 eskuin muturreko alderdiak (%2,38), duela lau urte baino 72 gehiago. Horiez gain, beste alderdi txikiago batzuen alde ere egin dute hautesleek (%1,33).

Hemen ikusgai daude datu guztiak.

Ostiralean zenbatuko dituzte atzerrian bizi eta bozkatzeko eskubidea dutenek emandako botoak. Gipuzkoan 1.360 botoko aldea dago azken eserlekuan, PSE-EE eta EH Bildu artean. Zaila badirudi ere, koalizio abertzalearen esku geratuko balitz, Susi Sanz herritarra legebiltzarkide izango da. 

 

Duela lau urte COVID-19aren pandemiak baldintzatu zuen parte hartzea, 2016ko hauteskundeek izandakoarekin alderatuta, hamar puntu behera egin zuen herrian. Gaur, berriz, orduko %60,21etik gertu gelditu da. Lasaitasuna nabari zen eguerdian erdialdeko hauteslekuetan. Ilara laburrak eta minutu gutxiko itxaronaldia egokitu zaizkie, adibidez, udaletxean edo Manuel Lekuona Kultur Etxeko barrutietan botoa eman dutenei.