Ttakun Kultur Elkarteak bazkidetza indartuko du

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 19a, 09:10

Euskara eta euskal kultura gure herrian normalizatzeko lan egiten duen Ttakun Kultur Elkarteak ez du bakarrik egin hiru hamarkada pasatxoko ibilbidea: langileak, kolaboratzaileak, babesleak, laguntzaileak, eta, nola ez, bazkideak ditu bidelagun. 400 pertsona baino gehiago igo dira euskararen eta kulturaren trenera baina bagoia ez da bete oraindik: denentzako tokia dago.

Hori horrela izanik, euskara elkarteak bazkidetza egitasmo bat jarri du martxan. Bat egiten dutenek 60 euro ordainduko dituzte urtean eta eragile horren makina bat programa eta ekimen babestuko dituzte, hala nola, haur, gazte eta helduentzako aisialdia, kultur jarduerak edota TXINTXARRI aldizkaria. Horrez gain, zozketa paregabe batzuetan parte hartuko dute hilabetero. Hona hemen bi adibide: batetik, bazkideek Errigorako saski pare bat irabaz ditzakete, eta, bestetik, Okendo Zinema Taldearen Euskal Dokumentalen Zikloko bi emanalditarako sarrera bakoitzak eskuratu. Hilabetearen arabera beste produktu, otordu edota erosketa txartelak eskainiko dituzte, herriko komertzioetan erabiltzekoak. Informazio gehiago, aldizkariaren kontrazalean.

Ttakunenea, elkargune

Ttakunenea elkartea erabili nahi duten pertsonek osagarri bat ordaindu behar dute: banakako kuota 18 eurokoa da hilero eta bikotekoa, berriz, 25 eurokoa. Iñigo de Loiola kalean dagoen elkargune horrek bi eremu ditu: nagusia bat, mota askotako jarduerak aurrera eramateko;eta jangela-sukaldea bestea, otorduak egiteko. 

Gazteei, eskaintza berezia

Ttakun KEk kontuan izan du herriko gazteen egoera eta haien neurrira egokitu du bazkidetza eskaintza. Gauzak horrela, 18 eta 30 urteko herritarrak urtean 30 eurogatik egin daitezke elkarteko bazkide eta onura berberak izan, hau da, zozketetan-eta parte hartuko dute.

Ikasketetako lan, proiektu eta bestelakoak aurrera eramateko elkargune erosoa da Ttakunenea. Hilabetean 10 euro ordainduta eremu hori erabil dezakete.

INFORMAZIO GEHIAGO, KANAL BEREZI HONETAN