EH Bilduk garai berriak iragarri ditu: "Aldaketa badator"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 17a, 12:06

EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan joango diren kideetako hiru gonbidatu ditu Lasarte-Oriako taldeak Antonio Mercero aretora, herritarrak aurreneko biak: Susi Sanz, Tasio Arrizabalaga eta Manuel Diaz de Rabago. Koalizio subiranistaren proiektuarekin bat egiteko arrazoiez eta osasungintza nahiz etxebizitza bezalako alorretako erronkez mintzatu dira.

Igande honetan izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta aurreko egunetan ohikoak izaten dira alderdi politikoek aurrera eramaten dituzten ekintzak. EH Bilduren Lasarte-Oriako taldeak atzo arratsaldean egin zuena Uxue Loinazek moderatu zuen eta azaldu ez zela mitin bat, elkarren ondoan eseri eta gai ugariri buruz lasai aritzeko mahai inguru bat baizik. Hori esplikatuta ongietorria egin zien hiru protagonisten: Susi Sanz, Tasio Arrizabalaga eta Manuel Diaz de Rabago. Gipuzkoako zerrendan doaz hiruak, 12., 19. eta 23. postuetan hurrenez hurren.

Zerk eraman zaituzte zerrendakide izatera? Hori izan zen lehen galdera. "EH Bildurekiko loturak eta konpromisoak; nire etxea da", erantzun zuen Arrizabalagak. Koalizio subiranista iruditzen zaio hezkuntzaz, politika ekonomikoaz, Espainiar Estatuarekiko harremanaz eta beste alor ugariz erabakitzeko tresna egokienak ematen dituena. Sanzek "sustoa" hartu zuen proposamena jaso zuenean baina eman dio buelta egoera horri. Pertsona gaztea eta mugimendu feministan lanean dabilena izaki, bi ezaugarri horiei eman die balioa: "Zapalkuntza oro gainditzeko politikak gauzatzerakoan lehen lerroan egon behar dugu gazte eta feministok". Diaz de Rabagok ñabardura bat egin zuen azaltzeko bera ez dela EH Bildukoa baina alderdi hori babesten duela, "gobernu ezkertiar zabal" bat duelako amets eta koalizio subiranistak barnebiltzen dituelako ongien horretarako ezaugarri eta baldintzak. "Parte hartzea eta kolaboratzea plazera da niretzat. Are gehiago esango dizuet, irabazi egingo dugu eta Susi legebiltzarkide izango da!". Antonio Mercero aretora bertaratutakoek gogo onez hartu dute zerrendakidearen baikortasuna.

"Aldaketa badator"

Amu horri heldu dio Loinazek solasaldiarekin jarraitzeko, hau da, EH Bilduk igandeko bozak irabazteko dituen abaguneei. "Aukera erreala da". Horri buruz zer pentsatzen dueen galdetu dio Sanzi. "Igandean bi eredu izango dituzte aukeran herritarrek: zaharkitua bat, EAJ eta PSE-EErena, agortuta dagoena; eta herritarren beharrizanak lehenetsi eta herri akordioak egingo dituena bestea, gurea. Herritarrek politika publiko eraldatzaile eta ezkertiarrak nahi dituzte: aldaketa badator". 

Aldaketa hori alor guztietan egin behar dela berretsi du Arrizabalagak, eta, batez ere, "zerbitzu publikoen desintegrazioa" gelditzeko buelta eman behar zaiola egoerari. Osasungintza eta etxebizitza nabarmendu ditu, bi adibide jarrita: batetik, Osakidetzaren aplikazioan sartu eta lehen hitzordu librea hilaren 26an zela; bestetik, etxeen prezioen igoera "basatiaren" eta gazteek emantzipatzeko dituzten arazoen aurrean Lasarte-Oriako PSE-EEk azken urteetan aurrera eraman duen politika, "duen lursail guztiak saldu diru azkar eta merkea lortzeko". 

Diaz de Rabagok adierazi du "kotoiaren froga" bezalakoa dela herritarrek herrietako udaletxeak osatzeko bozkatzen dutena: "2019an 44 alkate lortu zituen EH Bilduk eta udalerri guztietan berdindu edo hobetu dituzte emaitzak; EAJrekin eta PSE-EErekin alderantzizkoa gertatu da. Horrek erakusten du jendea pozik dagoela EH Bilduren kudeatzeko moduarekin".

Moderatzailearen galderak erantzun ostean herritarrek hartu dute hitza. Ekitaldia amaitzeko elkarrekin jan dute mokadutxo bat.

Erlazionatuak

EH Bilduren mahai ingurua, iruditan

Txintxarri Aldizkaria api 17 Politika