Etxeak eraiki eta alokairua sustatu. Bi neurri horiek dira PPren etxebizitza politikaren bi neurri nagusiak. Javier de Andres lehendakarigaiaren arabera, horrek ekarriko du gaur egungo prezio garestiak merketu eta "jasanezina" bihurtu den egoera lasaitzea. "104.000 etxebizitza behar ditugu EAEn eta formula erraza da: zenbat eta etxe gehiago eskaini, orduan eta aukera gehiago eskariari erantzun eta prezioak merketzeko". Horren harira, zehaztu du gazte askok Euskaditik kanpora joan behar dutela etxe bat erosi edo alokatu eta haien bizi proiektuari ekiteko.
Gipuzkoako PPko lehendakari Muriel Larreak azpimarratu du "desberdina" dela PPren politika alor horretan, beste alderdiek ez bezala ez dutelako sinesten politikarien esku hartzean eta mugak jartzean. "Etxebizitzaren merkatuak librea izan behar du".
Okendo plazako arkupeetan adierazpenak egin ostean, loreak banatu dituzte inguruan zebiltzan herritarren artean. De Andresek eta Larreak herriko udal korporazioko zinegotzi Manuel Palacio izan dute lagun gaurko ekitaldian. Beste zenbait alderdikide ere bertaratu dira, hala nola, Gipuzkoako zerrendako hirugarren postuan joango den Adrian Ortuñez.