Iselmuren txikitako pasarte batekin hasi du aurkezpena Berasainek: "Gogoratzen du nola paseatzen zuen hondartzan 8 urterekin, nola prestatzen zizkion amak legatza edota mero beltza patatekin... Itsasoko brisa sartzen zen Dajla hirira eta sahararrak gehiengoa ziren euren lurraldean". Adin hori zuela ihes egin behar izan zuen bizitokitik, familiarekin batera, eta Tindufera joan, gaur egun errefuxiatuen kanpalekuak dauden lekura, Aljeriara. Gaur egun Dulantzin (Araba) bizi da, Gasteiztik kilometro gutxi batzuetara.
Sahararren Arteko Laguntasunaren Belaunaldia izenez ezagutzen den eragile bateko kidea da: idazlea, poeta, kazetaria eta itzultzailea. Lan ugari argitaratu dituen arren, aipatutakoa izan da bere lehen eleberria, herrialde baten historian oinarritutako fikziozko kontakizun bat, Itsaso Zuriaren ertzean gertatzen dena. Aiton-amonei esker, elkar ezagutuko dute Sidik eta Naiarak. Hasierako laguntasuna amodio bilakatuko da eta horri esker batek bestearen familia ezagutuko du, eta alderantziz. "Maitasuna da istorio honi zentzua ematen diona: bizitzak gainditu egingo ditu mina, suntsipena eta heriotza", azaldu du egileak. Nobela bat idaztearena "aspalditik" zuren buruan, eta tailer bat egin ostean animatu zen. "Oso zaila" iruditu zaio ezaugarri horietako lan bat ontzea, "lehenengo orritik azkenekora arte" gogoratu behar izan duelako pertsonaia bakoitzaz.
Adineko poeta bat da protagonistetako bat eta horri erreferentzia eginda, berriki hildako olerkari saharar Badi-ren poema bat irakurri die bertaratutakoei, hassania hizkuntzan. Iselmu bezala, Tiris lautadakoa zen eta okupazioaren aurreko lurraldeaz idatzi zuen, nostalgiatik, erbestetik itzuli zenean dena zelako desberdina.