Ostadar SKTren eskutik, haur jolasetan parte hartu dute haur eta gaztetxoek 17:00etatik aurrera. Porrotx pailazoa ere bertan izan da; bera arduratu da giroa alaitzeaz. Adi-adi entzun dituzte gaztetxoek sudurgorriak kontatutakoak. Galdetu die ea Korrika Txikian parte hartu duten, eta gauen lo ala korri egingo duten. Lekuko handi bat ere ekarri du eskuartean, barruan mezu bat zuela esan die bere inguruan bildutako haurrei, eta horietako batek irakurri du.
Ordu erdi geroagoa, berriz, zirku tailerra aurrera eraman dute. Lau gunetan banatu dute egitasmoa, eta askotariko trebetasunak ikasi eta lantzeko tartea izan dute plazan bildutakoet. Zurrumurru Antzerki Taldeko kideen azalpenak jaso dituzte, eta gaitasun handia erakutsi dute herritarrek; malabareak, oreka lantzeko ariketak, akrobaziak eta bestelako hainbat trebetasun landu dituzte.
Hori amaituta, sabelak bete eta Korrika iristerako indarrak batu asmoz, pintxo dastaketa egin dute herriko elkarte gastronomikoen eskutik. Mokadutxo goxoak jateko aukera izan dute herritarrek; patata tortila, txorizo egosia edota txaka pintxoak dastatu dituzte, besteak beste.
Bien bitartean, musikak hartu du Okendo plaza eta erdigunea; Oaintxe in deu! Eta txistularien taldea kalez kale ibili da iluntzea girotzen.
Giro Eder bezain atseginean igaron dute lasarteoriatarrek Korrika Eguneko arratsaldea; zirrara bizi agertu dira asko, Korrika noiz helduko desiatzen.
21:56ean sartuko da Korrika Lasarte-Orian