KORRIKA TXIKIA

Harro egoteko moduko belaunaldi berriak ditugu herrian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 19a, 12:49

Herriko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek ireki dute gaurko egitarau berezia, Korrika Txikia eginda erdiguneko kaleetan barrena. 11:00etan abiatu dira Okendo plazatik, Rosa Elizondo herritarraren irrintzi indartsua entzun eta gero. Euskal Telebistako 'Biba Zuek' saioko erreportariak bidaide izan dituzte ibilbidean zehar. Irten diren enparantza berean helmugaratu dira eta koreografia bat dantzatu dute elkarrekin.

Korrika Eguneko lehen ekimena izan da herriko ikasle eta irakasleen lasterketa. Arratsalderako eta iluntzerako jarduera gehiago prestatu ditu Muntteri AEK euskaltegiak, zenbait eragilerekin elkarlanean:

Arratsalde eta iluntzeko egitaraua

  • 17:00etatik aurrera, Okendo plazan, haurrentzako jolasak Ostadar SKTren eskutik. Porrotx pailazoak enparantza alaituko du.
  • 17:30etik 19:30era, Okendon, Zirku Tailerra. Lau gune izango ditu.
  • 19:30ean, Okendon, pintxo dastaketa, herriko elkarte gastronomikoen eskutik.
  • 19:30etik 21:00etara, herriko kaleak alaituko dituzte Oaintxe in deu! txarangak eta herriko txistularien taldeak.
  • 21:56ean, 23. Korrika iritsiko da herrira, Urnietatik.
Erlazionatuak

Korrika Txikia, osorik

Txintxarri Aldizkaria mar 19 Euskara