Eszenariora irten eta lehen musika pieza amaituta, argia pizteko eskatu du Maite Berriozabalek. Bazkal aurreko bertso saio musikatura norbait joan ote den ikusi nahi zuen. Eta bai, nori bertsotan egin bazutela ikusi du laukote protagonistak. Piztuta utzi dute publiko gainekoa, agertokikoren batek, berriz, zenbaitetan dardara egin du saioan zehar. Arazotxo teknikoak ez du emanaldia zapuztu.
Nola ez, agurra izan da mikro aurrean egin behar izan duten lehen ariketa, baina ez die askean egiten utzi Berriozabalek. 23. Korrikaren lelotik abiatuta “harro” hitza ardatz izan baitute. Banan bana hasi dira, aurkeztu dituzten orden berean, eta bi txanda egin dituzte. “gu gure hauskortasunaz sentitzen gara harro”, aitortu du Iguaranek; “oholtza baten lau ertzak hartu” izanaz Amuriza; bere herriaz Labaka, eta bertan egonda, “gaur harro kantatu nahi dut ahots dena galdu arte” borondatea adierazi du, urratu baitzuen. Enbeitak, aldiz, entzuleak izateaz eta egindako bideaz:“emakumeak euskaraz zer ginen eta nor gara, bizirik irautea ere harro egotekoa da”.
Korrikako ibilbidea batzuetan laua, beste batzuetan malkartsua izaten da; eta ez da gauza bera izaten aldapa gora edo behera egin beharra. Gai bati heltzeko aukera zabala izanda, samurregiak ez ziren bi izan dira lehenak.
Binaka egin dute Labakak eta Enbeitak. Donostian saioaren ordu berean deituta Genozidioaren aurkako ekintzara joatekoak ziren bi lagunak, baina Labaka azken boladan pattal dago eta hara ez, baina kafe baten ondoren bertso saiora joatea erabaki dute. Eta baten ezinari, “badakit joan beharko nukeela, baina ez daukat indarrik”, “azken aldian bihurtu naiz erdi harkaitz, jende gehiegi dagoenean ni itota sentitzen naiz”, bestearen kezka josi diote. “Lasai, aukerak izango dira Palestina konpontzeko,/gogorik gabe bagaude hemen, Korrikarekin hobeto/ Azken aldian galdera batek loa kendu ohi dit lepo/ zenbat borroka galdu behar da bakar bat irabazteko?”.
Iguaran eta Amuriza ama-alabena ez da maldan beherakoa izan ere. Ama izan zenean, Amurizak haurraren zaintza Iguaran amonaren esku utzi zuen; batzuetan presenteago, beste batzuetan urrunago egon da alabaren bizitzatik eta 10. urtebetetze festara joatea erabaki du. Ongi etorriaren ondoren, “hire alabaren bidez, baina, nerea zaintzen ari naun” esan dio amak alabari eta “hutsune bat izan naizela esatean ari al zara?”galdetu dio bueltan honek. Bizitakoa azalduta, bilobaren nahia adierazi dio “kandela itzaltzean hi haiz beti bere barne desioa” eta “itzal ditzagun kandelaz eta segiko dugu hizketan”, bukatu du alabak solasaldia.
Urteen joan-etorria
Lehiarik gabea bada ere, Korrika lasterketa ere bada, iraupen proba, zalantzarik gabe. Igarotako denbora ageri da hurrengo bi ariketetan. 60 urte beteta adinkideen bazkarira joan da Labaka eta ohikoaren kontra, beste asko bera baino hobe ikusi ditu. “ta begiratzen hasita goi ta behe, eskuin eta ezker/gizonak itsusi daude ta emakumeak eder”. Hala ere, bereari eutsi dio “ospatu eta gozatu bizitza honen zirrarak./Hala nahi lukete baina, hau ez da lehiaketa bat”.
Enbaita eta Amuriza ere elkar ikusi gabe urteak daramatzaten bi lagunen azalean jarri dira. Amurizari beti dena ondo doakio eta kontatzeko joera du; Enbeitak, ordea, ez du halako zorterik. Elkartu dira eta ohi bezain triunfal agertu da Amuriza. Bere zori onaren laginak entzun ondoren, saiatu da lehena bigarrenari azaltzen sentitzen duena: "zure brilloa denez niretzako burla", baina lagunak ez dio ulertu: “inbiria pixka bat ez al duzu, neska”. Argiago esan dio hurrena: “Zurekin egoteak kalte egiten dit”, baina ez da ezer aldatu: “Nik dakidala ez dizut gaur ezer egin. /Traumatxo bat daukazu zure amarekin".
Bertsoz bertso joan dira saioa osatzen, lekukoa eskuz esku doan bezala. Hain zuzen ere horixe egokitu zaio Iguarani. Euskarari eta euskal munduari bizkar bizi ondoren, lanagatik eta lan aukerak hobetzeagatik euskaltegian hasi zen eta jabetu da gustura dabilela lehen arrotza eta interesekoa ez bazitzaion ere. Zozketan egokitu zaio euskaltegiko lekukoa eramatea Korrikan.
“Ez dut esango jende hoi dena
orain denik lagun hurko
baina ikasten noa mundu bat
pixkana dena gertuko
euskarak mundu bat zabaltzen du
eta ni neu naiz lekuko”.
Harremanen korapiloa
Korrika festa den moduan, umorea ere joan da saion tartea egiten. Etxeko taberna tradizionalarekiko maitasuna transmititzen saiatu arren, Labakak ez du lortu Amuriza alaba bertan jarrai dezan konbentzitzea. Bere burua ezagutzeko bidaietatik bueltan, ordea, zabaldu berri duen slow food negozioa erakutsi dio amari. Lehen bertsoekin ez du amaren oniritzia lortu “baina ikusita zure moderno galerna/nahiago Okendoko ostatu-taberna”. Alabak ez du etsi eta ezusteko zenbaiten berri eman dio. “Zu omentzeko daukat sorpresa katea/zure argazki bat dago komuneko atean”.
Ezustekoa ere izan du Enbeitak urtetan gustuko izan duen Iguaranekin zitan. Izan ere, bidaiak eta seme-alabak proposatu baitizkio segituan.“Ume bat, bi, hiru, lau. Zoaz topera/Zertarako mundura horiek atera?/Athleticek badauka nahiko kantera”. Iguaranen erantzuna: “Umeak amestu ohi baititut zinez/ta aspalditik nabil planak eginez/Ze Athleticek badu, bai, baina nik ez”. Ez du mahaikidea iritziz aldarazi. “Nahiz eta ni etorri naizen zitaren eske./Oin egingo dut gizon arruntek beste./ Igual soilik lagunak izan gaitezke”. Ez dio ulertu nahi izan. “Gainera umorea ta ona daukazu, /kimikari egingo diogu kasu./Hurrengo asteburuan deitu zaidazu”.
Azken bi ariketak elkarrekin egin dituzte laurek. Enbeitak pagotxa topatu du: etxe handi bat, erdialdean, argitsua eta merkea. Erosi ondoren jakin du zergatik zegoen merke, bertan bizi baitira hiru egoiliar. Uneoro irribarre egiten duen katu beltza (Amuriza), whiski kopa eskuan duen andre nagusi baten koadro hiztuna (Labaka) eta ateak ireki ahala eskatu gabeko aholkuak ematen dituen armairu iluna. Hiruak entzun ditu eta azkar atera du bere ondorioa jabe berriak “hiru objektu hizketan gehiegi ez al da, tira/ karmaren laban guztiak nire kontra itzuli dira”. Armairu barruan dauden jabeak eta katuak jandakoak kontuan, Labakaren aholkua “nik beti diot egia, hau da nire bekatua/ armairua behin itxita, zazpi aldiz hil katua”.
Ondoren, hemendik 20 urtera euren burua irudikatu dute, baina gai jartzaileak emandako aldartetik: Enbeita zoragarri, Labaka damuz beteta, Amuriza ameslari eta positibo, Iguaran, berriz, haserre. Norberaz, munduaz, eta gertatzea nahiko luketenaz aritu dira.
Azkenik, eskerrak eman dizkie Berriozabalek ikusleei bertan egoteagatik eta kide denak banan bana aipatu ditu, agurren txandaren aurretik.